GAUR8

Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berria urriaren 8an hasiko da

Nabarralde Fundazioak Euskal Herriko Historia online ikastaroaren edizio berri bat jarri du martxan. Urriaren 8an hasi eta abenduaren 17ra arte luzatuko da. Gertaera eta data gogoangarriak, oroimen lekuak, lurraldetasuna, identitatea, ondarea eta beste zenbait alor jorratuko ditu. Ikastaroa Nafarroako Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatu da, eta Nafarroako Gobernuaren homologazioa dauka.

«Historia da gizarte batek bere buruaz egiten duen kontakizunaren osagarri garrantzitsuenetako bat», azaldu du Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzendariak. Ikastaroaren edizio berria aurkezteko grabatutako bideoan azaltzen duenez, badaude gure herriarentzako gertaera erreferentzial batzuk egungo historian ikasten ez direnak, eta horiei erreparatu die ekimenak.

Horregatik, nabarmendu du «narrazio argumentatu bat» eskaintzen duela ikastaroak eta «gaur egungo errealitatean eragina duten gertaera historikoak eta mugarri garrantzitsuenak» aztertuko direla.

«Moduluetako bakoitza itzal handiko historialariek zuzendutakoa» da, azaldu dutenez. Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren edota Jean Louis Davant aipatu dituzte, besteak beste, eta Nafarroako historiaren mugarriak izan diren gertakarietan sakonduko dute: historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orregako batailatik, 1200 eta 1512ko konkistetatik edota karlistadetatik igarota.

«Ikastaroa egungo errealitatean interesa duten eta beren heziketa pertsonal eta kulturalean sakondu nahi» dutenei zuzenduta dago, baita ikastola, ikastetxe eta hezkuntza munduko historia ikasgaiaren irakasleei» ere, azaldu dutenez.

Antolatzaileek nabarmendu dute «historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa» sustatu nahi dutela eta «oroimen lekuen eta gure gure historiako data ea gertaera erreferentzialen balioa berreskuratu».

Aurreratu dutenez, web-orrian ikasleak material didaktikoa (tutoretzak, material gehigarria, bibliografia, ebaluaketak...) izango du eskuragarri, eta matrikulazioa egiterakoan emango zaion pasahitza erabiliko du.

Ikastaroak 90 orduko iraupena izango du eta amaitzean  ikastaroaren ziurtagiria jasoko dute ikasleek.

Zehaztu dutenez, izen-emateak 150 euroko kostua du, eta prezio berezia dute Nabarraldeko sutatzaileek eta Ikastolen Elkarteko irakasleek.