GAUR8

1,4 milioiko laguntza, Donostian ezohiko efektu fotoboltaiko baten ikerketa garatzeko

Europako Ikerketa Kontseiluak 1,4 milioi euroko laguntza onartu dio Julen Ibañez EHUko ikerlariari, hurrengo bost urteetan ezohiko efektu fotoboltaiko bati lotutako ikerketa proiektua garatzeko. PhotoNow egitasmoa da eta Donostiako Materialen Fisikaren Zentroan burutuko da.

Julen Ibañez ikertzailea. (EHU)
Julen Ibañez ikertzailea. (EHU)

Julen Ibañez EHUko ikerlariaren PhotoNow egitasmoak Europako Ikerketa Kontseiluaren 1,4 milioi euro jaso ditu. Laguntza horri esker, hurrengo bost urteetan Donostiako materialen Fisikaren zentroan ikerlari talde batek ohiz kanpoko efektu fotoboltaiko bat aztertuko du.

Donostian kokatutako zentroa Lakuako Gobernuaren bikaintasunezko ikerketa zentroa da eta EHUko eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko zentro mistoa da. Europako laguntza honek ikerketa taldea sortzen lagunduko dio Ibañezi, hiru doktoratu osteko ikerlari eta bi tesi ikasleri lana emanez, baita potentzia handiko ordenagailua erosteko ere.

Laguntzen deialdiak 3.200 eskari baino gehiago izan ditu, eta «%13 baino ez dituzte diruz lagundu», azaldu du EHUk. Ibañezen hitzetan, «aukera paregabea» eman dio lantaldea sortzeko eta ikerketa proiektua aurrera eraman ahal izateko. Onartu du «erantzukizun handia» ere badela eta emaitzen zain dagoela «Europak jakin dezan egindako apustuak merezi izan duela».

Unibertsitatetik zehaztu dutenez, Julen Ibañez doktoratu ondoko ikertzailea da, Europako Batzordearen MSCA (Marie Sklodowska-Curie Aktion) beka pertsonala du eta Donostiako Kimika Fakultateko Materialen Fisika Sailean aritzen da.

Material berriak aurkitu

Proiektua ez-ohiko efektu fotoboltaiko baten ikerketan zentratuko da, egun eguzki-panelek erabiltzen duten efektua ez dena. «60. hamarkadan neurtu zen lehenengoz eta argia xurgatzen duen efektu ez-lineal batean datza, material berezi batzuetan soilik ematen dena». Gaur egungo eguzki-paneletan gehien erabiltzen den silizioak, adibidez, ez du aipatutako efektua, zehaztutakoaren arabera.

Gipuzkoarraren ikerketak metodologia berria erabiltzea proposatzen du, Wannierren funtzioetan oinarrituta, eta helburua da intereseko materialak aurkitzea eta proposatzea, eta kode konputazional bat garatzea, «hainbat materialetan BPVE efektuaren magnitudea aurreikusteko».