GAUR8

Ekonomia Zirkularreko Gela EHUn, «birziklapenaren sektorea garatzeko»

EHUk Ekonomia Zirkularreko Gelaabiatuko du ikasturte honetan, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Helburua da enpresetan ekonomia zirkularraren garapena kudetazeko profesionalak prestatzea eta ikerketa proiektu bateratuen lankidetza bultzatzea.

Ibaetako Campusa, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Ibaetako Campusa, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ekonomia Zirkularreko Gelaren sorrera Klima Aldaketaren Aurkako Gipuzkoako Estrategiaren helburuetako bat da, eta arloa unibertsitatearen errealitatera hurbiltzea da asmoa. Bultzatzaileek azaldu dutenez, ekimenari esker lankidetza, prestakuntza, ikerketa, bilera eta irakaskuntza proiektuak garatuko dira.

Arloan prestatuko diren lagunei «zirkulartasun-irizpideak emateaz gain», gerora praktika profesionaletan aplikatuko dituztenak, «I+G+B ikertzen, garatzen eta Gipuzkoako birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren sektoreetako gaurkotasun-gaiak aurreratzen jarraitzeko lankidetza-proiektuak sortzea eta garatzea erraztuko du gelak».

Xabier Ostolaza EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak adierazi duenez, «gela hori abian jartzeak balio erantsia emango dio gure ikastegian ikasleek jasotzen duten prestakuntzari».

«Gure industria-graduek, Ingeniaritza Elektrikoak, Mekanikak, Elektronikak eta Automatikak, eta Gradu Bikoitzak eskaintzen dituzten gaitasunak ezin hobeki egokitzen dira Fabrikazio Aurreratuaren eta Energiaren arloei lotutako lan-lerroekin; espezializazio-arlo horiek lehentasuna dute EAEn», gaineratu du.

Cristina Peña aipatutako Eskolako irakasle eta ikertzaileak eta Gelako zuzendariak nabarmendu du, bestalde, «bi arloetako profesionalak funtsezkoak» direla «baliabideak eta hondakinak kudeatzeko prozesu, teknologia, material eta sistemak garatzeko», eta «inpaktuak gutxitzeko”.

Gaur egun, ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren sektoreak 5.000 lanpostu ditu, eta 500 milioi euro inguruko fakturazioa, bultzatzaileek emandako datuen arabera.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, ekonomia zirkularrak «aukera handia eskaintzen» du «birziklapenaren sektorea garatzeko, bere tamaina bikoiztu eta 2030 baino lehen 10.000 enplegu» lortzeko.