2020/09/22

Bidelagunak behar dituzte Mintzaneteko bidelariek

Mintzanet egitasmoak abian jarri du iraileko kanpaina, bidelagunak lortzea helburu nagusi duela. Euskara online praktikatzen lagunduko duen jendearen parte-hartzea behar dute, praktikatu nahi dutenen zerrenda luzea da eta. Gainera, bidelagunak agertzen diren kartel bat prestatu dute, bakoitzaren argazkiaren gainean klik eginez haien esperientziak ikusteko.

GAUR8
Mintzanet
Bidelagunak (Mintzanet)

«Euskal Herrian euskaraz hitz egitea nahi dugu: kalean, etxean nahiz lantokian euskara erabiltzea; lagunartean, senideekin edo ezagunekin berba egitea, gure hizkuntza lau haizetara zabaltzea… Baina hori lortzeko zer egiteko prest zaude?», diote kanpainaren berri emateko zabaldu duten idatzian: http://mintzanet.net/parte-hartu-mintzaneteko-bidelagunen-taldean/.

Helburu horri begirako pausoak emateko, praktikatu nahi duenari laguntzeko aukera erraz bat eskaintzen die Mintzanetek: Bidelagun izatea.

Horretarako baldintzak edozein euskaldunek bete ditzake. Izan ere, euskaldun izatea da bidelagun izateko betebehar nagusia, inolako titulaziorik behar izan gabe. Praktikatzen duenarekin jarduteko denborari dagokionez, astean ordubeteko tartea eskaini behar du, Skype, Whatsappeko bideo-deia, Google Hangouts… edozein programa eskura izanda.

Bidelagunak ez du titulurik behar, ez baita irakaslea, bidelariak euskaraz hitz egin dezan lagunduko duena baizik.

Bestetik, esperientzia berri bat bizitzeko aukera ere bada, beste pertsona bat ezagutuz.

«Esperientzia betegarria eta aberatsa»
               
«Koronabirusak eragindako egoera honetan, etxetik atera gabe laguntzea irtenbiderik onena dela uste dugu, eta Mintzaneten izena emateko une aproposa dela! Zergatik? Esperientzia betegarria eta aberatsa delako, harreman politak sortzen direlako, hizkuntzari benetako bultzada modu errazean emango diogulako, beste egoera linguistiko bat ezagutuko dugulako…», nabarmendu dute beren oharrean.

Bidelagunen argazkiak agertzen diren kartel bat prestatu dute, bakoitzare gainean klik eginda euren istorioa ezagutzeko: http://mintzanet.net/wp/wp-content/uploads/2020/09/Mintzanet_kanpaina_2020_link.pdf

Bidelagun izanda horrelako esperientzia bizi izan nahi duenak, beraz, beste klik bat egin besterik ez du behar: http://www.mintzanet.net/sartu.php