GAUR8

“Batelerak”, Errenteriako Jantziaren Zentroaren proposamen berria

Jantziaren Zentroak Pasaiako badiako batelerak ardatz hartuta erakusketa berria zabalduko du bihar, larunbatez.

Jantziaren Zentroko erakusketa
Jantziaren Zentroko erakusketa

Zein ziren batelerak? Zein zen beren lanbidea? Nola janzten ziren? Zer garrantzia zuten Pasaiako portuan? Galdera horiei guztiei erantzuteko, Jantziaren Zentroak erakusketa antolatu du. Bertan, bederatzi batelera jantzi ikus ditzakegu, guztiak koadroen, grabatuen eta argazkien erreprodukzioak. Bi XVIII. mendekoak dira, hiru XIX. mendekoak eta bat XX. mendekoa. Jantziekin batera, horiek egiteko erabilitako irudiak daude ikusgai.

Batelera gehienak Errenteria eta Pasaiako emakumeak ziren, eta badiaren alde batetik bestera, edo itsasontzitik portura bidaiariak eta merkantziak eramaten zituzten. Gizonezkoak hilabete luzeetarako itsasoratzen ziren garaietan, emakumeentzat ogibide bilakatu zen egiteko hori lau mendeetan zehar.

Idazleen erreferentziak

Bateleren aipamen zaharrena 1615. urtekoa da, Lope de Vega idazleak «lorez eta adarrez apaindutako txalupa-arraunlariak» bezala deskribatu zituenean. Jantziaren Zentroak hamar idazleren testuak batu ditu erakusketa honetarako; horien artean, Pierre de Lancre inkisidorearena. 1622an horrela deskribatzen zituen: «deabruarekin hitzarmena dute itsasaldiak aldatzeko eta ekaitzak altxatzeko». Jantzien deskribapenaz haratago bateleren izaeraren berri D, Aulnoy kondesak ematen du, 1679an batelera batek bere sukaldariari burua arraun batekin ireki ziola kontatzen du, batelera ukitzen saiatu zelako.

Arraunlari trebeak zirela eta lanbide garrantzitsua zutela jasotzen da udaletako artxiboetan. Orain, haien berri zabaltzeko eta haien oroimena pizteko, erakusketa interesgarria paratu dute Errenterian.

Erakusketa doan ikusi daiteke, bihartik urriaren 25era arte. Ordutegia, berriz, larunbatetan 11.00-14.00 eta 17.00-20.00 bitartean, eta igande eta jai egunetan 12.00-14.00etara .