GAUR8

Natur Zientzien IV. Topaketaren izen ematea, zabalik

EuskalNatura elkarteak eta UEUk antolatuta, Natur Zientzien IV. Topaketak aldaketa globala izango du ardatz, eta Euskal Herriko ingurumen arazoak hizpide. Iruñeko planetarioan izango da azaroaren 7an eta 8an. Izena emateko epea zabaldik dago.

Topaketaren logoa (UEU)
Topaketaren logoa (UEU)

«Aurreko hiru edizioen arrakastak hauspotuta, ilusioz dabiltza EuskalNatura elkarteko eta UEUko kideak Natur Zientzien IV. Topaketaren antolaketan», dio UEUk ohar batean. Laugarren edizio honetan, aldaketa globala «Euskal Herrian non eta nola hezurmamitzen den» ezagutarazi nahi dute. «Izan ere, tokiko ingurumen arazoak isilpean geratzen dira maiz, klima larrialdiari lotutako mezuen artean estalita».

Topaketa Euskal Herriko naturzaleen, natura elkarteen eta ikerlarien topagune izan ohi da, eta komunitatea saretzeko helburuari eutsi diote antolatzaileek. Ohi bezala, zientzia euskaraz dibulgatu nahi dute, «baita tokiko proiektuak nazio mailan erakutsi ere». Horretarako, egoitza aldatuta, Iruñeko planetarioan bilduko dira azaroaren 7an eta 8an. Informazio guztia www.nztopaketa.eus weborrian dago irakurgai.

Edukiei dagokienez, «haien artean josteko aitzakia, aldaketa globalean arreta jartzea, berritzaile samarra da, nekez lotu nahi izaten baititugu gure bizimodua eta hark ingurunean eragindako eraldaketak. Dena den, ezinbesteko ariketa da hemen eta orain zenbait erronkari ganoraz heldu ahal izateko», diote. Formatu ugari erabiliko dira hitzaldietan, baina guztiek ere izango dute esandako ikuspegia.

Aurkikuntzen, lanen eta ingurumen arazoen bozgorailu

Gai hauek jorratuko dituzte gonbidatuek: lurzoruen erabilera aldaketak, dibertsitate genetikoaren galerak, elikadura burujabetza, ingurumen hezkuntzan aldaketa globala txertatzearen onurak, komunikabideetan ingurumen arazoek nolako oihartzuna duten...

Poster saioak ere izango dira topaketan, eta haien laburpenak bidaltzeko epea ere zabalik dago. Urriaren 28a arte jasoko dituzte proposamenak. «Saio irekia dugu, malgua, eta guztion ekarpenekin ziur euskal ikerlarien aurkikuntzen, elkarteen lanen eta tokiko ingurumen
 arazoen bozgorailu bikaina izanen dela», azaldu dute. Poster saioaren txokoan dago informazio guztia: www.nztopaketa.eus/posterrak

Euskal Herriko naturzaleak gonbidatuta daude UEUren webgunetik IV. Topaketa honetan izena ematera, «are gehiago, matrikula doan izanda».