GAUR8

Ostegunak, aurten ere, Ahostegunak izango dira

Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak aurten ere Antzerkiaz, bertsoaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko aukera eskainiko diete 18 eta 22 urte bitarteko gazteei, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren babesarekin. Izen-ematea urriaren 14an zabalduko da.

Ahostegunak: iazko saio bat
Ahostegunak: iazko saio bat

Aurten ere azaroko ostegunak bereziak izango dira. Iaz bezala, ahozko kultur sorkuntzaren inguruan ondo pasatzeko Ahostegunak antolatu dute Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindia eta EHUKulturak lagunduta.

Ahostegunak antzerkiaz, bertsoaz, kantuaz eta literaturaz gozatzeko saioak dira. Ostegunetan, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan, 16:00etatik 19:00etara izango dira.

Lehen saioa urriaren 29an izango da, eta besteak hurrengo lau ostegunetan, azaroaren 26ra arte, hain zuzen. Saio bakoitzean, esandako kultur sorkuntzetako bat landuko dute, gazteen artean harreman sarea ehuntzea helburu, esperientziak eta iritziak partekatuz.

Diziplina horietan «aritu eta adituek» parte hartuko dute. Aurten, Olatz Salvador kantautoreak, Erika Olaizola aktoreak, Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolariek eta Oier Guillan idazleak.

Unibertsitateko ikasleek eskurago izango dute egitasmoan parte hartzea, baina ateak irekita dituzte interesa duten 18 eta 22 urte bitarteko beste gazteek ere. Izen-ematea urriaren 14ko 12:00etan hasiko da, www.mintzola.eus atarian horretarako egokituko den orrian. Sarrera doakoa izango da, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa da.

Taldea osatzerakoan, izen-ematearen ordena aintzat hartuko dute, eta behin taldea osatuta, saio guztietara joateko konpromisoa beharrezkoa da, ostegunero talde bera izanda, dinamikari eusteko garrantzitsua da partaide guztiak agertzea.

Gonbidatuak

Olatz Salvador kantautoreak abiatuko du aurtengo Ahostegunak urriko azken ostegunean. Salvador Skakeitan taldeko kide da 2010 urtetik eta 2014an bakarkako ibilbideari ekin zion. 2018an kaleratu zuen bere azken lana, “Zintzilik”. 

Azaroaren 5ean Erika Olaizola aktorearen txanda izango da. 2018an estreinatu zen “Oreina” filmean parte hartu zuen, baita iaz urte amaieran argitara eman zuten “Kartzela” webseriean ere.

Hurrengo ostegunean, azaroaren 12an, Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolariek parte hartuko dute egun horretako saioan.

Astebete geroagok, azkenik, idazle bat izango da gazteekin: Oier Guillan poesiari eta antzerkiari loturiko hainbat proiektutan parte hartu duen sortzailea, hain zuzen. Azken egunean, azaroaren 26an, saioetan egondako gonbidatu guztiak mahai-inguru baean elkartuko dira.