2020/10/14

Umeak argazkigintzaren magiaz kutsatzeko tailer digitalak, Barakaldoko Baffest-en

Baffest emakume argazkilariei zuzendutako argazki jaialdiaren barruan umeengana hurbiltzeko doako bi tailer digital antolatu dituzte. Lehenengoa, «Stop Motion», gazteleraz izango da eta larunbatean eskainiko dute. «Argazki kontakizunak» bigarren tailerraren izenburua da. Azken hau euskaraz izango da, hilaren 24an.

GAUR8
Baffest
Emakume argazkilariei zuzendutako jaialdia martxan dago Barakaldon. (Baffest)

Baffest emakume argazkilari berriei zuzendutako jaialdia da, Barakaldoko Udalak bultzatuta eta Fotopop Producciones Culturales-ek antolatuta. Bosgarren edizio honetan 8 eta 12 urte bitarteko umeengana hurbiltzeko doako bi tailer antolatu dituzte, Nagore Legarreta eta Cristina Calvoren eskutik.

Larunbat honetan ospatuko da lehenengo tailerra, gazteleraz izango da eta 11.00etatik 13.00ak arteko ordutegia izango du. Hitzorduaz aurreratu dute partaideek «‘stop motion’ teknikaren oinarriak eta objektuak erabilita irudi bidezko kontakizunak sortzen» ikasiko dutela.

Bigarren hitzordua urriaren 24an izango da, ordutegi berdinarekin. Kasu honetan «dinamikak eta jolasak» izango dira protagonista eta «argazki kontakizunak eta sekuentziak» landuko dituzte partaideek.

Web orrian

Online izango diren tailer biak doakoak dira eta parte hartzeko baffest@baffest.eus web orrian eman behar dute izena partaideek, plaza mugatuak baitira.

Baffesten edizio berria urri osoan zehar ospatuko da Barakaldon, eta programazioan eskaintza zabala dago, besteak beste erakusketak edota bisita gidatuak iragarrita baitaude.