GAUR8

«Ipini betaurrekoak» kanpaina, bidegabekerien aurreko «miopia sozialarekin» bukatzeko

Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Sareak abian jarri du «Ipini betaurrekoak» kanpaina, «bidegabekeriak eta ezberdintasunak ikusten uzten ez digun miopia sozialarekin bukatzeko». Sareetan ikusmena neurtzeko erabiltzen ohi diren kartelen formatoa duten mezuak zabaldu dituzte. Horrekin batera Filmin plataforman, borroka horrekin lotutako 25 film ikusgai daudela iragarri dute.

Kanpainaren barruan ikusgai izango den karteletako bat.
Kanpainaren barruan ikusgai izango den karteletako bat.

Nafarroan pobrezia eta bazterketaren kontra aritzen den sareak gogoratu du askotan begirada beste lurraldeetako errealitatean jartzen dela, baina egoera zaurgarriak uste dugun baino hurbilago daudela. Martxan jarri duten “Ipini Betaurrekoak” kanpainarekin, arazo horien aurreko sentsibilizazioa landu nahi dute «gizarte inlusibo bat lortzeko».

Horretarako kanpainak optiketan erabii ohi diren kartelen itxurako mezuak zabaldu dituzte hainbat lelorekin, sareetan partekatzeko.

Nabarmendu dutenez, «errealitatea hautemateko orduan aurreiritziak eta estereotipoak graduatzeko beharretik» sortu da kanpaina eta «enpatia eta elkartasuna» bultzatu nahi ditu.

25 film

Kanpainarekin batera, aurten «zinema munduan guztiz murgiltzea» erabaki du Sareak, «askotan irudiek hitzek baino askoz gehiago esan dezaketelako», eta Filmin ikusentzunezko plataformarekin batera «gizarte gaien inguruko zinea sustatzeko kanpaina» sortu du.

Lankidetza horren barruan, gaurtik aurrera Sareak gomendatutako 25 filmek osatzen duten “Donde pongo el ojo, pongo la lucha” bilduma eskuragarri dute paltaformako erabiltzaileek.

Bestalde, urriaren 22tik 31era arte Instagram eta Facebook sareetan zozketak egingo dituztela iragarri dute. Sariak Filmin plataformako doako harpidetzak dira.

Nafarroako liburutegien kolaborazioa ere nabarmendu dute, sarearen “De cine” kanpainaren antolakuntzan eman duten laguntzagatik. Horren barruan, hilaren 28an “Amateurs” pelikula eskaini eta ondoren migrazioen eta nortasun kulturalen inguruko zineforuma izango da, SOS Racismo Nafarroako Bea Villahizanekin eta SEI elkarteko Rida Ait bitartekariarekin. Informazioa www.redpobreza.org webgunean dago eta izen-emateak bertan egin daitezke.