GAUR8

Jaten dugun haragi guztiak ez du klima aldaketan berdin eragiten

Amigos de la Tierra elkarteak Basque Centre For Climate Change (BC3) zentroarekin elkarlanean egindako txosten baten arabera, «abeltzaintza estentsiboak eta larreen kontserbazioak klima-aldaketa arintzen dute, pentsuen inportazioa oinarri duen abeltzaintza industrialarekin alderatuta».

behiak
Behiak barrundiako larreetan, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Amigos de la Tierra elkarteak klima aldaketaren ikerketan aritzen den BC3 zentroarekin elkarlanean abeltzaintzaren inguruko txosten bat aurkeztu du Elikaduraren Munduko Egunaren harira.  Bertan, talde ekologistak eta ikerketa zentroak ohartarazten dute abeltzaintza industrialak lur-zoru naturalak nekazaritza-lurzoruak bihurtzea behar dituela eta horretarako baso tropikalak soildu behar direla, horrek eragiten duen karbono-aztarnarekin.

Lanak zehazten duenez, «berotze globala eragiten duten berotegi-efektuko gasak zenbatesteko gaur egun erabiltzen diren metodologiek mugak dituzte abeltzaintzak eragiten duen berotzea egozteko», eta ez dute «aukerarik ematen dauden abeltzaintza-eredu guztiek egiten duten ekarpena bereizteko».

Agustin Prado BC3ko ikertzaile eta txostenaren egileetako batek azaldu du abeltzaintzaren aurkako salaketak nagusiki metano-isurietan eta lurzoruaren erabilera aldaketaren ondorioz izaten diren karbono dioxido isurietan oinarritzen direla eta, hein handi batean, bi faktore horiek «lotura» badute abeltzaintza estentsiboarekin. Hala ere, dioenez, mota horretako azterketek ez dute kontuan hartzen «abeltzaintzak oro har egiten duen ekarpenak, alde batera utzita berotegi-efektuko gasen isurtzea, ekoizpen eta kontsumo fase guztietan, barne hartuta sargaien fabrikazioa, prozesatzea eta garraioa, hala nola pentsuena, zeinak askoz gehiago erabiltzen baitira abeltzaintza intentsiboan».

Txostenak «paradigma aldaketa bat» proposatzen du bi elementu kontuan hartuta: «abeltzaintzako jarduera osoaren ondorioz atmosferara sartzen den karbono fosil guztia zenbatestea –abeltegiko isuriak ez ezik, sargaien fabrikazioan, prozesatzean eta garraioan sortzen dena ere bai– eta abere espezie bakoitzaren eta ekoizpen eredu bakoitzaren inpaktua baloratzea».

Pentsuaren inportazioa

Andres Muñoz Rico Amigos de la Tierra elkarteko kideak adierazi duenez, abeltzaintza industrialak pentsuaren inportazioa du oinarri batez ere urdail bakarreko animalientzat, hala nola txerriak eta oiloak. «Ekoizpen horretarako, eskuarki, lurzoru naturalak –larreak eta basoak– laborantza lurzoru bihurtu behar dira, baso tropikaleko eremuak soilduz, Hego Amerikan nagusiki, eta horrek karbono-aztarna bat eragiten du».

Muñoz Ricok gaineratzen duenez, egungo estimazioek «ez digute aukerarik ematen inpaktu larri horiek bistaratzeko», abeltzaintza estentsiboak eta ekologikoak klimarentzat dituen eragin onen aurrean.

Txotenak gomendio batzuk egiten ditu gasen isuriak murrizteko helburuekin bat datorren haragien ekoizpena eta kontsumo-estrategia baten diseinuari begira; horien artean: «nekazaritza eta abeltzaintza ekoizpen agroekologikoa areagotzea, abeltzaintza estentsiboa sustatzea, galtzen diren elikagai kantitatea murriztea eta merkaturatze-kanal laburrak sustatzea».