GAUR8

Tesia sei txiotan laburtzeko prest? «Txiotesia» lehiaketa asteartean izango da

Euskal ikertzaile gazteei zuzenduta, «Txiokatu zure tesia sei mezutan» lehiaketaren bosgarren edizioa hurrengo asteartean izango da. 9.00etatik hasita, hamabi ordu dituzte parte hartzaileek Twitterren sei txiotan tesia azaltzeko. Ulergarriena eta originalena sarituko dira.

Txiotesiaren aurreko edizioaren sari banaketa. (UEU)
Txiotesiaren aurreko edizioaren sari banaketa. (UEU)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta, «Txiotesia» izenarekin ezagutzen den lehiaketak bosgarren edizioa betetzen du aurten. Deialdia hilaren 17rako egin dute. Goizeko 9.00etan hasita eta 21.00ak arte idatzi behar dira sei txioak euskara hutsean.

Parte hartzeko, Twitter kontu publikoa izan behar da eta sei txio publikatu behar dira, ez dira kontuan hartuko sei mezu baino gehiagokoak ezta gutxiagokoak ere.

Lehiaketa 2017tik aurrera tesia aurkeztu dutenei eta egun tesia egiten ari direnei zuzenduta dago eta bi sari banatzen ditu: ulergarrienarentzat, «sei mezutan bere ikerketa lana modu borobilenean azaltzeko gai den» txiolariarentzat (500 euro) eta txiolari originalenarentzat beste bat, «modu irudimentsua» saritzeko (300 euro).

Zehaztu dutenez, «txioak aldi batean edo tarteka bideratu daitezke baina zehaztutako ordutegiaren barruan bidali behar dira». Horrekin batera, arauek diote lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar dela eta mezu bakoitzaren aurretik horien ordena markatuko behar da 1, 2, 3… jarrita. Bestalde, mezuen amaieran #txiotesia5 traola agertu behar da derrigorrez.

Lehiaketan parte hartzeko jarraibide guztiak UEUren Unibertsitatea.net atariko Txiotesia atalean daude.

34 ikertzaile

Antolatzaileek nabarmendu dute lehiaketa «ikertzaile euskaldunak biltzeko aukera paregabea» dela eta, era berean, «ezkutuan geratzen den lan hori guztia kaleratzeko plaza».

Zehaztu dutenez, azken edizioan 34 ikertzailek hartu zuten parte, 19 emakumezkok eta 15 gizonezkok. Parte hartzaileen %36 doktoreak ziren eta gainontzekoak doktoregai, zortzi unibertsitate ezberdinetan.

Jakintza esparruari dagokionez, oso arlo ezberdineko tesiak izan zirela azaldu dute, eta aurkeztutako tesien artean hezkuntza, literatura informatika, hizkuntzalaritza, matematika, psikologia edo aeronautikaren ingurukoak izan ziren, besteak beste.