GAUR8

«Asteburu konfinatuak», txikiekin «etxean euskara goxo bizitzeko» jarduerak

Mintzalasai elkarteak «Asteburu konfinatuak» kanpaina jarri du martxan, bereziki haur txikiak dituzten familiei zuzenduta. Eguberriko oporrak arte, lau jarduera proposatzen dituen artikulu bat argitaratuko dute webgunean, «etxean euskara goxo bizitzeko».

«Asteburu konfinatuak» Mintzalasai elkartearen kanpainaren kartela, irudian. (Mintzalasai)
«Asteburu konfinatuak» Mintzalasai elkartearen kanpainaren kartela, irudian. (Mintzalasai)

Martxoko konfinamendu gogorrean martxan jarritako “Etxean euskaraz” kanpainaren ondoren, Mintzalasai elkarteak “Asteburu konfinatuak” ekimena proposatu du orain. Kanpaina azaroaren seian abiatu zen eta Eguberriko oporrak arte egongo da martxan, iragarritakoaren arabera.

Elkarteak artikulu bat publikatuko du ostiralero bere webgunean. Zehaztu duenez, artikulu horretan «lau jarduera sinple» proposatuko dituzte «etxean euskara goxo bizitzeko». Marrazki bizidun bat ikusi, errezetak kozinatu, jolasak egin, margotzeko ilustrazioak… «proposamenak askotarikoak eta adin guztietara egokituta» izango direla argitu dute, bi eta hamar urte arteko haurrentzat.

«Eduki horiek posta elektronikoz eta egituraren sare sozialen bidez ere transmitituko dira», azaldu dute.

Euskararekin lotura, eskolatik kanpo

Mintzalasai elkarteak adierazi duenez, ekimenaren helburua da «haur euskaldunei euskararekin eskolaz kanpoko lotura sortzea, euskara bereganatzen laguntzeko baina baita euskaraz une atseginak biziaraztea, haien lotura afektiboa indartzeko».

Aipatu dute baliabide horien bidez familiek seme-alabei laguntzeko tresna gehiago izango dituztela, «izan euskaldun edo (oraindik) ez».

Ekimenak oinarri sendoa du lehen kanpainaren esperientzia aberasgarria ikusita. Nabarmendu dutenez, arrakasta handia izan zuen, zortzi astetan hirurogei artikulu linean eman zituen eta 28.000 bisita izan baitzituen.

Elkartean proiektu digital berri bat martxan jartzearen inguruko hausnarketa burutzen ari dira orain, jakinarazi dutenez. «Bitartean, lanean jarraitzen du baliagarri praktikoak eskuragarri ematen Miarritzeko Hiriko Euskara Zerbitzuaren laguntza teknikoarekin eta Euskararen Bulego Publikoaren finantziazio laguntzarekin», adierazi dute.