GAUR8

«Kantu eskukadak», euskal musika omentzeko 100 abesti ilustratu dituen liburua

Olrait Studioekin elkarlanean Gaztezulok «Kantu eskukadak» ilustrazio eta testu liburua argitaratu du. Euskal taldeen ehun abesti eta ilustrazioak biltzen dituen lan honekin «herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela» azpimarratu nahi dute egileek eta euskal eszenaren aberastasunari «omenalditxo» bat egin. Durangoko Azokako online dendan izango da salgai.

“Kantu eskukadak” ilustrazio liburua Gaztezulo eta Olrait Studioen proiektua da. Ehun euskal talderen ehun abesti ilustratzen ditu liburuak eta hortik «kantu eskukadak» izena. Egileek nabarmendu dutenez, kultur ekitaldiak bertan behera geratzen ari diren honetan «herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela azpimarratu» nahi dute lanarekin eta batera «euskal eszenaren aberastasunari omenalditxo bat egitea beharrezkoa» zela ikusten zuten.

«Erakutsi nahi da euskaraz eta euskaratik edozer sortu daitekeela» eta «ez dela urrutira joan behar kalitatezko bakarlari eta taldeez gozatu eta estilo ezberdinak dastatzeko», adierazi dute.

Poster bilakatzeko aukera

Musika taldeen zerrendan, besteak beste, Kuraia, Belako, Nogen, Gatibu , Ken Zazpi, Negu Gorriak edota Unidad Alavesa taldeen abestiak aurki daitezke, baita beste askoren artean Txuma Murugarren, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Joseba Irazoki bakarlarien kantak ere.

Liburuak talde edo bakarlari gustukoenaren ilustrazio zein testuak poster bilakatzeko aukera ere ematen du. Horren inguruan zehaztu dute liburuak trokel berezi bat izango duela hori errazteko, «eta nahi adina lamina kendu ahal izango» da liburutik hormak apaintzeko.

Liburua abenduaren 4tik aurrera egongo da salgai, Durangoko Azokako online dendan baita Gaztezuloko dendan, 25 euroko prezioan.