GAUR8

Inguma unibertsitatearen euskarazko produkzioaren datu baseak berrituta bete ditu 20 urte

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) kudeatzen duen Inguma datu basea unibertsitate mailako euskarazko ahozko eta idatzizko produkzioaren bilgunea da. Aurten 20 urte bete ditu ia 12.000 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia eskaintzen duen datu-baseak eta ospatzeko webgunea berritu dute.

Inguma datu-basearen portada. (UEU)
Inguma datu-basearen portada. (UEU)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2000. urtean sortu zuen Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu-basea «unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko asmoz». Orain, euskal produkzio zientifikoaren bilgune digital horren 20. urteurrena ospatzeko inguma.eus webgunea berritu dute eta «bilaketak errazteaz gain, datu-basera igotako azken sarrerak ikus daitezke, bai eta hainbat estatistika ere».

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak gogoratu du proiektuari «baliabide urriekin» ekin ziotela eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker amaitu ahal izan zela. Egun, «komunitate zientifiko-tekniko euskaldunak elkar ezagutzeko, saretzeko eta bere lana hedatzeko tresna garrantzitsua da Inguma», nabarmendu du. Sarasolak gaineratu du «euskaraz urtero eta arloka produzitzen dena neurtzeko tresna ofiziala» dela, «baina hortik harago komunitatearen elkar ezagutza eta ahalduntzea bultzatzeko funtsezkoa» dela.

Karmele Artetxe UEUko zuzendari ohia eta Ingumako teknikaria izan zenak euskal komunitate zientifikoari buruzko tesia egin zuen Ingumatik abiatuta. Azpimarratu duenez, «proiektu berri eta interesgarriak sortzea erlatiboki erraza da, baina oso zaila da mantentzea». Artetxek azaldu du diru-laguntzen deialdiak oso lotuta daudela egitasmo berrien sustapenarekin eta ez hainbeste proiektuen jarraipena bermatzearekin. Testuinguru horretan, komentatu du «proiektu sendoak» behar direla, «iraupen luzekoak», eta beste «proiektu batzuk sustatu ditzaketenak eta erreferentzialak direnak», eta Inguma bakarrik ez, baina gutxi horietako bat dela azaldu du.

«Berebiziko tresna» adituak aurkitzeko

Iñaki Alegria UEUko zuzendari ohi eta Ingumaren sortzaileak Ingumaren erronka «erabilgarriagoa izatea» dela esan du. Bere ustez, «hedapenean sakondu behar da, eskaintzen dituen aukerak komunitatean ezagunagoak izan daitezen» eta deia luzatu die irakasle, ikasle eta ikerlariei «bibliografia bilatu behar dutenean Ingumatik has daitezen, euskarazko erreferentziak topatzeko».

Alegriak nabarmendu duenez, kazetariek edo kultur eragileek «gai baterako aditu bat bilatu behar dutenean, ikertzaile batek gaiaren inguruan bibliografia bilatzen dutenean, sari baterako merituak eskatu nahi direnean… Inguma berebiziko tresna da».