Ekainberri, gertuko plan aproposa, segurua eta orain merkeagoa

Osasun larrialdiagatik ezarritako mugak kontuan hartuta, Zestoa eta mugakide diren herrietako familia eta lagunei bereziki zuzendutako eskaintza plazaratu du Ekainberrik abenduaren 10era arte. Kobako margoak ikusteko bisitak prezio erdian daude.

2008an Unescok Munduko Ondare izendatu zituen Ekaingo kobako margoak. (Ekainberri)
2008an Unescok Munduko Ondare izendatu zituen Ekaingo kobako margoak. (Ekainberri)

Pandemia egoeragatik ezarritako murrizketen barruan planak egiteko aukerak egon badaudelako, Ekainberrik bisiten eskaintzan deskontu handia egingo du abenduaren 10era arte. Egungo mugak kontuan hartuta, Zestoako eta mugakide diren herrietako familia eta lagunei gozatzeko aukera paregabea luzatu die.

Zestoarrez gain, Deba, Aia, Aizarnazabal, Azpeitia, Errezil eta Zumaia herrietako biztanleek gozatu dezakete proposamenarekin. Ekainberritik gogoratu dutenez, Zestoatik oinez ordu laurdeneko ibilbidea dago inguru natural zoragarri batean, autorik gabe eta errekatxo bat jarraituz.

Bisiten antolaketari dagokienez, talde txikiak osatzen dituztela zehaztu dute, segurtasun neurri guztiekin. Erreserbak online egitea da gomendioa eta planak deskontu handia du egunotan, %50ekoa, iragarritakoaren arabera.

Ekain Fast zerbitzua

Egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriei egokitzeko, zerbitzuak moldatu dituzte Ekainberrin. Zehaztu dutenez, erreserba egiten dutenek “Ekain Fast” zerbitzua kontratatu ahal izango dute. Ekaingo kobazuloaren errepikara bisita gidatua egiteko aukera izango dute, baita Euskal Herriko Labar Artearen Erakusketara eta dendara sarrera ere.

Horrez gain, goizez eta arratsaldez “Ekain Abentura” bana eskainiko dituzte, «historiaurreko biziraupen teknikak (sua nola egin, nola ehizatu eta margotu) ikasteko». Bisitaren iraupena ordubete ingurukoa da.

Prezio berriekin, tarifak 2,5 eta lau euro artekoak izango dira. Zehaztutakoaren arabera, Ekain Fast-en lehen bisita 10.00etan da eta euskaraz da. Egunean zehar, gazteleraz egiteko bisitak ere aurreikusita daude.

Sarrerak aurretik erosi ez dituztenentzat gogoratu dute Ekainberrira bertaratu aurretik Zestoako hirigunean dagoen Ekainberriko Sarrera Salmenta bulegotik pasatu beharko dutela. Sarrerak online erostekotan, Ekainberrira zuzenean heltzeko aukera dago