Ainhoa Gonzalez eta Eider Urkola, «txiotesien» irabazleak

«Txiokatu zure tesia sei mezutan» lehiaketak baditu irabazleak: Ainhoa Gonzalez Pujana zelula amen inguruko tesia «era ulergarrienean laburtzeagatik» eta Eider Urkola Ezeiza, Andrei Zvyagintsev zine zuzendariari buruzko «txiotesi» originalagatik.

Ainhoa Gonzalez Pujana, «Txiotesia» lehiketaren bosgarren edizioaren irabazlea. (UEU)
Ainhoa Gonzalez Pujana, «Txiotesia» lehiketaren bosgarren edizioaren irabazlea. (UEU)

Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Unibertsitatea.net atariak antolatzen duen “Txiokatu zure tesia sei mezutan” lehiaketaren bosgarren edizioko saridunak ezagutzera eman dituzte ostegun honetan. Lehen saria Ainhoa Gonzalez Pujana gasteiztarrarentzat izan da “Zelula estromal mesenkimalen eragin immunomodulatzailea sustatzeko bioinspiraturiko hiru dimentsiotako sistema funtzio anizdunak”.

Gai konplexuaren inguruko tesia «era ulergarrienean laburtzeagatik» jaso du saria gasteiztarrak. Bigarren saria Eider Urkola Ezeizak irabazi du “Andrei Zvyagintsev: hausnarketa morala eta politikoa» zine zuzendariari buruzko lana «modu originalean laburtzeagatik».

Bosgarren edizio honetan 74 ikertzailek hartu dute parte, emakume eta gizonen parte hartze maila parekatuta egon da eta parte hartzaileen %34 doktorea izan da, «gehiengoa, beraz, doktoregaia», zehaztutakoaren arabera.

Laburtzeko gaitasuna

Libe Mimenzak eta Goio Aranak, epaimahaikideen izenean, parte hartzaileen maila altua nabarmendu dute, baita oso alor ezberdinetako lanak izan direla ere. Horrez gain azaldu dute «izugarri poztu» direla «arrotzak ziren hainbat gai ulertu» dituztelako eta goraipatu dute «laburtzeko gaitasuna, originaltasuna eta freskotasuna».

Zuriñe Etxanobe UEUko atariaren koordinatzaileak azaldu du “Txiotesia” lehiaketak «ikertzaileei izen-abizenak jartzea» duela helburu eta ekimena «beraien lana ikusgarri egiteko modu erakargarri» bat dela . Gogoratu du Twitter aukeratu zutela sare sozialaren «indarra eta zientziaren dibulgaziorako Internetek duen baliagarritasuna» kontuan hartuta, «modu ludikoan eta berritzailean helburu hau lortzeko bide interesgarria zelakoan». Zehaztu du, bestalde, dagoeneko 280 ikertzailek parte hartu dutela lehiaketan.