Lanbide Heziketako hiru proiektuk nazioarteko aitortza jaso dute bikaintasunagatik

Lanbide Heziketako Ikastetxeen Munduko Federazioak  EAEko Lanbide Heziketako hiru proiektu saritu ditu: Tknika Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroaren bi proiektuk zilarra jaso dute (bigarren saria), eta Errenteriako Don Bosco ikastetxearen ekimenak, brontzea.

Lanbide heziketa eskola bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Lanbide heziketa eskola bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Lanbide Heziketako Ikastetxeen Munduko Federazioak (WFCP, ingelesezko siglekin) bikaintasuna aitortzeko antolatzen duen “2020 Awards of Excellence” sariketaren barruan EAEko lanbide heziketa eskoletako hiru proiektu daude lehenengo sarien artean. Tknika Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroak aurkeztutako bi egitasmok zilarra jaso dute (bigarren saria), eta Errenteriako Don Bosco ikastetxearen ekimenak, brontzea.

Euskal proiektuak ekintzailetza, enplegagarritasuna eta trebetasun teknikoen ataletan nabarmendu dira. Epaimahaiak aitormena jaso duten proiektu guztien maila goraipatu du, eta «mundu zabalean eredu izan daitezkeen jardunbide egokiak» direla azaldu du, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak jakinarazitakoaren arabera.

ETHAZI Erronketan Oinarritutako Ikaskuntza Kolaboratiboaren ereduak Zilarrezko aitormena jaso du “Access to Learning and Employment” atalean (Ikaskuntzarako eta enplegurako sarbidea). Tknika zentroak koordinaturik, irakaskuntza eta ikasketarako metodologia aktiboa da ETHAZI, eta Lanbide Heziketako 70 ikastetxetan aplikatzen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Erronketan oinarritutako modeloa

Etekin Handiko Zikloetan (ETHAZI), ikaskuntza eredua erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren inguruan antolatzen da, eta hori da ardatz nagusia. Metodologia horrekin 7.000 ikasle baino gehiago ari dira ikasten Lanbide Heziketako ikastetxeetan.

Halaber, Tknikaren Ikasenpresa ekintzailetza kultura sustatzeko programak ere Zilarrezko aitormena jaso du “Entrepreneurship” atalean (Enpresa ekimena). Ikasgelan bertan hezkuntza enpresak edo ikasenpresa deiturikoak sortuta, ikasleek gaitasun eta jarrera ekintzaileak garatzen dituzte. Eredu horretan ikasleek enpresa txiki bat jartzen dute martxan ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak aurrera eramaten dituzte. Lanbide Heziketako 82 ikastetxetan dago ezarria.

Hirugarrenik, Errenteriako Don Bosco LHIaren “Real World Problems Solving In A Solidary Tvet” ekimenak Brontzezko aitormena jaso du “Higher Technical Skills” atalean (Goi mailako trebetasun teknikoak). Ikastetxeak darabilen lanerako metodologian, ikasleek proiektu solidarioak garatzen dituzte, eduki sozial nabarmenekoak, eta teknologia berritzaileen erabileran oinarrituta (Robotika, Gauzen Internet, 3D inprimaketa).

WFCP Lanbide Heziketako Zentroen eta Elkarteen Nazioarteko Sarea da, eta prestakuntza politikak gidatzea eta ekonomia globalaren testuinguruan jarduera ildoak ematea du helburu. Kideek abangoardiako prestakuntza estrategiak eta jardunbide egokiak partekatzen dituzte, mundu osoko herrialdeetan langileen nahiz ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko.