GAUR8

Habia-kutxetan faunak aurkitutako babesaren irudiak, Egiako lurpeko pasabidean ikusgai

Azken 30 urteetan hegaztiek eta ugaztun txikiek umatzeko, atseden hartzeko eta bizitzeko tokia aurkitu dute Donostiako zenbait ingurutan jarritako habia-kutxetan. Orain, Egiako lurpeko pasabidean, bizitza horren irudi argitaragabeak ikusteko aukera dago.

Azken hiru hamarkadetan zehar Donostiako zenbait ingurutan jarritako eta zaindutako habia-kutxetan fauna basatiak aurkitu duen babesa erakusten duten irudiak ikusgai izango dira abenduan zehar, Egia auzoko lurpeko pasabidean.

Argazkien protagonistak «basoak, landaredia, habiak, errunaldiak eta hegazti intsektujale nahiz harrapari gautarren txitoak» dira, baita «habia-kutxak umatzeko, atseden hartzeko edo bizitzeko erabiltzen dituzten ugaztun txikiak» ere.

Erakusketaren egilea eta “30 urte habia-kutxekin” proiektuaren zuzendaria Joseba Gurutz de Vicente da, eta Parkea Bizirik elkartea da ekimenaren antolatzailea. Nabarmendu dutenez, dokumental handietan agertzen diren irudien pareko kalitatea dute erakusketak biltzen dituen argazki handiek, eta «duela 30 urtetik eraikitzen, jartzen, garbitzen eta mantentzen dituen habia-kutxen barruan gure inguruko fauna basatiaren irudi argitaragabeekin» osatuta dago.

Irudien atzean, egindako «etengabeko lan neketsua» azpimarratu du Pakea Bizirik-ek, eta gogoratu du Gladysen hasi zela dena, eta ondoren Ametzagaina, Ulia, Larrañategi, Igeldo, Astigarraga, Orereta, Oiartzun edota Aiako Harrira hedatu zela ekimena, besteak beste.

Emandako datuen arabera, 1.990. urtetik hona 7.200 ikuskapen egin dira, eta ekimenari esker –heriotzak kenduta– 2.371 hegaztik aurrera egin ahal izan dutela kalkulatu dute. Zehaztu dutenez, besteak beste «kaskabeltzak, amilotxak, garrapoak, gerri-txoriak edota urubiak» izan dira habia-kutxetan aterpe bilatu duten espezietako batzuk, «erasotua eta mespretxatua den arren oraindik ondare naturalaren zati txiki bat badugula erakusteko».

«Beroketa globala geldiarazten»

Parkea Bizirik elkarteak animalia horien habitat babesteak duen garrantzia nabarmendu du. Gogoratu duenez, «batzuek fruta-arbolen bizkarroiak jaten dituzte, beste batzuek beroketa globala geldiarazten duten basoen osasuna zaintzen dute, eta badira karraskarien hazkundea oztopatzen dutenak ere».

Urteetan zehar boluntarioekin lankidetzan aritu diren pertsona eta erakundeak «askotarikoak» izan direla gogoratu dute baita urtero ikuskapenetan bildutako datu, argazki eta gertakariekin euskaraz idazten den landa-koadernoa ere.

Zehaztu dute, bestalde, erakusketak Donostiako Udaleko Ingurumen Sailaren laguntza izan duela eta diru kopuru osoa argazkiak inprimatzeko, zinta itsasgarria erosteko eta erantzun zibileko aseguru bat kontratatzeko erabili dela.