GAUR8

Petra, Portobelo, Alhambra eta Ekainberri, aztergai ondarea eta pandemiari buruzko online topaketan

«Munduko ondarea pandemia global baten aurrean» izenburupean, Unesco Paisaien eta Munduko Ondareari buruzko zikloaren lehenengo topaketa birtuala ospatuko da ostegun honetan. Hitzordu honetan lau leku aztertuko dituzte bereziki: Petra (Jordania), Portobelo (Panama), Alhambra (Andaluzia) eta Ekainberri (Euskal Herria).

Ekaingo kobazuloaren erreplika, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)
Ekaingo kobazuloaren erreplika, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)

Unesco Paisaiak eta Munduko Ondarea zikloaren lehenengo bilkura birtuala ospatuko da ostegun honetan, 16.00etan hasita eta 18.30ak arte. EHUko Kultura Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedrak antolatuta, erakunde eta unibertsitateko ordezkariak eta arloko adituak bilduko ditu hitzorduak.

Helburua da pandemiaren ondoren ondare diren lekuen «gainean dagoen horizontea» aztertzea, eta lau lekuren gaineko azterketa egingo dute: Petra, Jordanian; Portobelo, Panaman; Alhambra, Andaluzian, eta Ekainberri, Euskal Herrian.

Antolatzaileek leku horien errealitatea ikuspegi ezberdinetatik azaltzera hurbilduko diren hizlarien garrantzia nabarmendu dute. Gonbidatuen artean, Sarah Newman antropologian doktorea, Felipe Rojas Brown arkeologian doktorea, Mirta Linero antropologian doktorea eta Alberto Garcia erdi aroko historian doktorea daude. Hitzordua ixteko mahai inguru bat izango da Juanjo Aranburu Ekain Berriko gerentearen parte hartzearekin.

Izen ematea eta esteka

Parte hartzea doakoa da, antolatzaileek azaldu dutenez, baina aurretik izena eman behar da catedra.unesco-paisajes@ehu.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita, eta bide horretatik helaraziko dute konferentzia jarraitzeko esteka. Egitarauren arabera, entzuleek ere galderak egiteko aukera izango dute txat baten bidez.

Topaketa birtualen zikloaren barruan 2021eko udaberrian eta udazkenean beste bi hitzordu izango dira: naturagune babestuetan pandemiak izan dituen albo-ondorioak aztertzeko lehena eta “Pandemia globala, ondarea eta kolonialitatea” izenburukoa, bigarrena. Azken honetaz zehaztu dute «munduko ondarearen zerrendan egon baina Mendebaldetik kanpo dauden guneetan pandemiak sortarazi duen egoera» aztertzera dedikatuta egongo dela.