GAUR8
URA, BETEBEHAR BAT

Ia 2.000 milioi pertsona oinarrizko ur zerbitzurik gabe osasun zentroetan

OMEk eta UNICEFek argitaratutako txosten baten arabera, ur gabeziak covid-19a kutsatzeko arriskua areagotzen du osasun langileen eta pazienteen artean. Egoera hori bereziki da larria gutxien garatutako 47 herrialdeetan, baina pertsona bakoitzeko dolar bat inguru inbertituz gero egoera aldatu ahalko litzateke.

Ruandako ikasleak eskuak garbitzen (STRINGER / APF)
Ruandako ikasleak eskuak garbitzen (STRINGER / APF)

Osasunaren Mundu Erakundeak eta UNICEFek ohartarazi dute ia 1.800 milioi pertsonak covid-19a eta beste gaixotasun batzuk hartzeko arrisku handiagoa dutela, tratamendua jasotzen duten edo lantoki duten osasun arretako zentroetan oinarrizko ur zerbitzurik ez dagoelako.

Tedros Adhanom Ghebreyesus doktoreak, OMEko zuzendari nagusiak, azaldu duenez, «urik, saneamendurik eta higienerik gabeko osasun arretako zentro batean lan egitea da erizain eta medikuak norbera babesteko ekipamendurik gabe bidaltzea lan egitera. Osasun zentroetako ur, saneamendu eta higiene hornidura funtsezkoa da covid-19a geldiarazteko. Baina oraindik gainditu beharreko hutsune garrantzitsuak daude, bereziki gutxien garatutako herrialdeetan».

Hain justu, “Global progress report on WASH in health care facilities: fundamentals first” (“Ura, saneamendua eta higienearen arloan munduan egindako aurrerapenei buruzko txostena: funtsezkoak lehenik”) txostena atera da covid-19a osasun sistemetan akats garrantzitsuak azaleratzen ari denean, hala nola infekzioen prebentzioko akatsak eta kontrol desegokiak. Ura, saneamendua eta higienea ezinbestekoak dira osasun langileen eta pazienteen segurtasunerako, baina OMEren eta UNICEFen ustez, ez zaie lehentasunik ematen zerbitzu horiei. Mundu osoan, laguntza sanitarioko lau zentrotik batek ez du ur zerbitzurik, hirutik batek ez du eskuak garbitzeko instalaziorik arreta ematen den lekuetan, hamarretik batek ez du saneamendu zerbitzurik eta hirutik batek ez ditu hondakinak modu seguruan bereizten.

 «Osasun langileak eta tratamendua behar duten pertsonak ur garbirik, xaboirik edo komun segururik gabeko instalazioetara bidaltzeak arriskuan jartzen ditu haien bizitzak», dio Henrietta Fore UNICEFeko zuzendari exekutiboak. «Hori jada hala zen covid-19aren pandemia iritsi baino lehen, baina aurten gertatutakoaren ondorioz, egoera horiek ezin dira alde batera utzi. Covid-19aren ondorengo mundua irudikatu eta eratu ahala, ziurtatu behar dugu haur eta amak ur, saneamendu eta higiene zerbitzu egokiak dituzten arreta lekuetara bidaliko ditugula. Hori ez da egin dezakegun eta egin beharko genukeen zerbait. Erabateko betebeharra da», gaineratu du.

Egoera are okerragoa da gutxien garatutako 47 herrialdeetan: osasun arretako bi zentrotik batek ez du ur edangarririk, osasun arretako lau zentrotik batek ez du eskuak garbitzeko instalaziorik arreta puntuetan; eta bostetik hiruk ez dute oinarrizko saneamendu zerbitzurik. Edonola ere, irtenbidea duen arazoa da. Txosteneko atariko kalkuluek adierazten dute dolar bat inguru per capita kostatuko litzatekeela 47 herrialde horiek oinarrizko ur zerbitzua ezartzea osasun zentroetan. Batez beste, urtean 0,20 dolar per capita behar dira zerbitzuak erabili eta mantentzeko.

Txostenaren arabera, ur horniduran eta saneamenduan egiten diren inbertsio handiagotuek eta berehalakoek onura handiak sortzen dituzte: higienea hobetzea da mikrobioen erresistentziari aurre egiteko egin daitekeen «erosketarik onena». Ildo horretan, txostenaren egileek azaldu dute osasun arretaren kostuak murrizten dituela, osasun zentroekin lotutako infekzioak murrizten baitira. «Denbora aurrezten da, osasun langileek ez baitute urik bilatu behar eskuak garbitzeko. Higiene hobea izateak zerbitzuen erabilera ere handitzen du. Emaitza hau da: 1,5 dolarreko itzulera dago inbertitutako dolar bakoitzeko».

Zerbitzu horiek bereziki dira garrantzitsuak populazio zaurgarrientzat, hala nola haurdun dauden amentzat, jaioberrientzat eta haurrentzat. Osasun arretako zentroetan, ur, saneamendu eta higiene zerbitzuak hobetzea bereziki garrantzitsua da erditzeak artatzeko unean, gehiegizkoa baita hiltzen diren ama eta jaioberrien kopurua; eta, halaber, prebeni daitezke saihesteko moduko beste faktore batzuk ere, hala nola septizemia. Ur, saneamendu eta higiene zerbitzu hobeak milioi bat emakume haurdunen eta jaioberrien biziak salba ditzake.

125 milioi dolar

Uraren, saneamenduaren eta higienearen eremuan lan egiten diharduten mundu mailako aliatuek eta osasun arloko kideek arlo horietan ezarritako mundu eta estatu mailako helburuak betetzen laguntzen dutela erakutsi dute osasun arretako zentroetan. 130 aliatuk baino gehiagok hartu dute 2020rako baliabideak jartzeko konpromisoa, eta horietatik 34k konpromiso finantzario espezifikoak hartu dituzte: guztira, 125 milioi dolar.

Hala ere, Osasunaren Mundu Batzarraren 2019ko ebazpena, urari, saneamenduari eta higieneari buruzkoa, ez da modu berean aplikatzen osasun arretako zentroetan. Osasunaren Mundu Erakundeak eta UNICEFek ia 50 herrialdetako datuak dituzte; herrialde horietatik %86k arau eguneratuak dituzte eta %70ek hasierako ebaluazioak egin dituzte, gai hori, oro har, bide onetik doala erakusteko. Nolanahi ere, herrialdeen herenek soilik kalkulatu dituzte uraren, saneamenduaren eta higienearen arloko osasun arretako zentroen ibilbide orrien kostuak, eta %10ek soilik sartu dituzte urari, saneamenduari eta higieneari buruzko adierazleak osasun sistema nazionalen monitorizazioan.

«Mundu mailako finantzaketa behar da pizgarri gisa, baita laguntza teknikoa eta baliabide nazionalak ere, osasun langileak eta pazienteak seguru eta babestuta mantentzeko», ondorioztatu du txostenak.