Ekolurraren dastaketa ekologikoa Santo Tomas egunez Donostian

Ekolurraren Merkaturatze Sarea ezagutzera emateko, otar ekologikoak banatuko dituzte gaurko egunez txirrinduz, Donostian.

Joan den urteko Santo Tomas eguna. Juan Carlos RUIZ | FOKU
Joan den urteko Santo Tomas eguna. Juan Carlos RUIZ | FOKU

Santo Tomas eguna garrantzitsua izan da betidanik baserritarrentzat. Gabonei begira, beren produktuak merkatuan saltzeko eguna da, festa giro nabarmeneko merkatu garrantzitsua beraz. Aurten osasun pandemiak markatutako hitzordua bihurtu da beste ekitaldi asko bezala eta, ondorioz, ezin ospatu orain arte bezala.

Ekolurrak (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak) eta Etxeko Azoka izeneko ekimenak bertako elikagaiak online erosteko aukera eskaintzen die Donostiako herritarrei Ekolurra Merkaturatze Sarearen bidez. Hartara, ezohiko Santo Tomas eguna baliatu nahi dute sare horren berri herritarren artean zabaltzeko.

Dastaketa ekologikoa

Ekolurra Merkaturatze Sareak otar ekologikoak banatuko ditu gaur egun guztian zehar bere bezeroan artean. Donostiako Txita enpresaren txirrinduetan egingo da banaketa eta modu horretan donostiarren begien parean jarriko dute bertakoa, ekologikoa eta kalitatezkoa kontsumitzeko aukera badagoela Ekolurraren eta Etxeko Azokaren eskutik.

Aipaturiko Merkaturatze Sarea plataformaren bidez bertako elikagai ekologikoen erosketa online eta erraz egin daiteke. Kontsumitzaileak zuzenean ekoizleari erosten dizkio produktuak plataforma horren bidez. Hartara, etxean bertan zuzenean jaso dezake kontsumitzaileak elikagai ekologikoen sorta zabala. Pandemiaren lehen olatuan sortu zen ekimena eta martxa onean jarraitzen du astez aste. Astero egiten dituzte banaketak Donostian eta Gabonetan ere egingo dituzte, abenduaren 22an eta 29an hain justu. Erosketak ekolurra.eus webgunean egin daitezke.