GAUR8

«Memoria duten eskolak» programan, Erratzuko bunkerra eta erbesteratuak aztergai

Baztan aldeko bost ikastetxek “Memoria duten eskolak” programarekin bat egin dute eta memoria historikoa berreskuratzeko egitasmo ezberdinetan ari dira lanean. Erratzuko bunkerra eta erbesteratuak landuko dituzten gaien artean daude.

Lekaroz herria, irudian. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Lekaroz herria, irudian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Berako Toki Ona eta Labiaga Ikastola BHI, Elizondo Lanbide Eskola IiP, Lekaroz BHI eta Doneztebe Mendaur DBHI ikastetxeek «Memoria duten eskolak» programarekin bat egin dute, eta egitasmo ezberdinak burutuko dituzte irakasleen prestakuntza sustatu eta «ikasleen artean memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzea» helburu dituen ekimenaren barruan.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, programa 2016an jarri zen martxan. Orain, ikastetxe berrien sarrerarekin memoria historikoarekin lotutako proiektu berriak jarriko dira martxan, kasu honetan baztan aldean.

Zehaztu dutenez, Erratzuko bunkerrarekin eta eskualdeko erbestearekin loturiko proiektuak landuko dituzte Elizondo Lanbide Eskolak eta Lekaroz BHIk.

Berako Toki Ona BHIren kasuan, berriz, “Bidasoako erbesteratuen erakusketa» programa garatuko duela iragarri dute, 1936ko gerraren ondoren eta Bigarren Mundu Gerran zehar Estatu frantsesean eta Alemanian «kontzentrazio-eremuetara deportatu zituzten pertsonen inguruan».

Memoria historikoa belaunaldi gazteengana hurbiltzea izango da Berako Labiaga Ikastolak Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen zikloko ikasleekin landuko duen ekimenaren helburua; eta «laster programarekin bat egingo duen» Doneztebeko Mendaur DBHI-aren kasuan, egitasmoa emakumeen errepresioaren ingurukoa izango dela aurreratu dute.

Ikastetxeetako zuzendaritzetako ordezkariak abenduaren bukaeran bildu ziren Ana Ollo sailburuarekin eta Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariarekin.