GAUR8

«Bioi» testu irakurketa musikatua Arestiren eta Azurmendiren omenez

Bihar, hilak 14, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" duela 14 urte hil zen egunez, "Bioi" emanaldia izango da Donostiako Victoria Eugenia Clubean, Gabriel Arestiren eta Joxe Azurmendiren belaunaldi literarioari eskainitako omenaldi modura.  

Fito Rodriguez eta karmelo Landa «Bioi» liburuxken aurkezpenean
Fito Rodriguez eta karmelo Landa «Bioi» liburuxken aurkezpenean

Bihar arratsaldean Fito Rodriguez, Oihana Maritorena eta Olatz Beobidek irakurriko dituzten testuek eta Telmo Trenor eta Unai Pelaio «Pelax»-ek testu horiei laguntzeko joko duten musikak Joxe Azurmendi eta Gabriel Aresti ekarriko dituzte gogora. Hala ere, ekitaldia eskaintzeko Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»-ren heriotzaren urteurrena aukeratu izana idazle, hizkuntzalari eta politikari horrenganako atxikimendu keinu nabarmena ere bada.

Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren «obra poetikoa eta idazmoldea lehen lerrora ekarri guran», joan den abenduan “Bioi” liburuxka parea aurkeztu zuten Fito Rodriguezek berak eta Karmelo Landak. Horietako batek Rodriguezek autore bi horien «itzalpean» idatzitako poemak bildu ditu, eta bestea –“Bioi. lagunarteko antologia”– Landarekin batera osatutako antologia da. Liburuxka horien izenburua da, beraz, emanaldiak duena ere.

Subjektibitate berri baten ardatzak

Ekitaldiaren arduradunek azaldu dutenez, “Bioi” emanaldia Azurmendiren “Manifestu Atzeratua” (1968) zentsuratuaren egiturari segitzen dion “Hitz modestu hatz eratua” olerkia irakurriz hasiko da eta haren ondoren, “Aingeru Guardakoa Euskal Herrian”, “Gorriak eta bi”, “Gurutzebidea” eta “Arantzazutik Eara” poemak entzuteko aukera izango da. «Burutu gabe dagoen continuum bat non Aresti Bilbotik Azurmendiri Arantzazura bisitan joan zitzaion eta bien arteko lotura estetikoak sortu zireneko giroa berreskuratzeko ahaleginak egingo ditugun», diote. Halaber, uste dute autore biek bai gaietan, bai idaztankeran ekarritako «hausturak» euskal subjektibitate berri baten ardatzak ekarri zituztela euskal literaturara. «Oinarri poetiko haiek berreskuratzen saiatuko gara ekitaldi honetan».

Bihar Donostiako Victoria Eugenia Clubean 19:00etan izango den ekitaldi horretara joateko, beharrezkoa da gonbidapena. Hura lortzeko, izena eman beharra dago aldez aurretik helbide honetan: donostiakoliburutegiak@donostia.eus.