GAUR8

Ikerketa proiektu errealetan parte hartzeko udako praktiken deialdia egin du CIC nanoGUNEk

CIC nanoGUNEk urtero antolatzen dituen udako praktiketan parte hartzeko deialdia zabaldu berri du. Fisika, Kimika, Biologia eta Ingeniaritzako unibertsitateko ikasleei zuzenduta, bi hilabeteko praktikaldiak dira eta «puntako ikerketa-zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko» parada eskaintzen dutela nabarmendu dute.

Programak proiektu errealetan aritzeko aukera ematen du. (CIC nanoGUNE)
Programak proiektu errealetan aritzeko aukera ematen du. (CIC nanoGUNE)

CIC nanoGUNEk antolatzen duen udako praktiken programan izena emateko epea zabaldu berri du. Ekimenari esker, Fisikako, Kimikako, Biologiako eta Ingeniaritzako 3. eta 4. mailako hamar unibertsitateko ikasleek bi hilabetetan zehar ikerketa-proiektuak ezagutzeko aukera izango dute.

«Programa honen bidez nanoGUNEk aukera paregabea eskaintzen die unibertsitateko ikasleei puntako ikerketa-zentro bateko jarduera bertatik bertara ezagutzeko», azaldu du zentroak.

Ikertzaileekin batera jorratuko dituzten arloak ere zehaztu dituzte: «nanoeskalako optika, nanobioingenieritza, fenomeno elektronikoak, magnetismoa eta nanoeskalako materialak». Ikerketa-proiektu errealetan aritzeko aukera eskaintzen duela nabarmendu dute. 

Otsailaren 14a baino lehen

Izena emateko epea otsailaren 14ra arte egongo da zabalik, eta jakinarazitakoaren arabera, programan parte hartzeko eskaera egin behar dute ikasleek nanoGUNEren webgunean (www.nanogune.eu).

Eskabidea egiteko, curriculuma eta espediente akademikoa igo behar dituzte, baita hizkuntzen ziurtagiriak ere. Hautatutako ikasleei otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran elkarrizketa bat eskatuko zaie, eta martxoaren 16a baino lehen zentroa aukeratutako hautagaiekin harremanetan jarriko dela aurreratu dute.

Egoitza Donostian duen Nanozientziako Ikerketa Kooperatiboko zentroa puntako ikerketan aritzen da nanozientzian eta nanoteknologiaren alorretan, adituek kudeatutako abangoardiako tresneria eta erremintekin.