GAUR8

Inspira programa, nesken artean bokazio zientifikoa eta teknologikoa pizteko

Nesken artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko Inspira STEAM izeneko proiektua ia 120 ikastetxeko 5.000 ikaslerengana helduko da ikasturte honetan

Inspira ekimenak STEAM saria jaso du.
Inspira ekimenak STEAM saria jaso du.

Inspira STEAM izeneko proiektua Deustuko Unibertsitatearen ekimen bat da eta eskolan dabiltzan nesken bokazio zientifiko eta teknologikoak piztea da bere helburua. Hasi berri den edizioa bosgarrena da eta 120 ikastetxera eta 5.000 neska-mutilengana iritsiko da. Pandemia gorabehera, atzeratu egin behar izan da programaren hasiera eta parte hartzaileen kopurua mugatu, baina gainontzean ohiko martxan joatea espero dute.

Neska-mutilek STEAM arloko (Zientzian, Teknologian, Ingeniaritzan, Arteetan eta Matematikan oinarrituak, ingelesezko siglak hartuta) lanbideak ezagutzea da helburu nagusia , arlo horietan lanean dihardutenen ereduaren bidez, bereziki emakumeen bidez. Aholkulari horiek arduratzen dira ikasleei haien lanbidearen berri emateaz, ekimenarekin bat egiten duten ikastetxeen eskola-ordutegiaren barruan.

Ispiraren bidez, STEAM lanbideen arloko bokazio berrien inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa piztu nahi dira ikasleen artean. Zientziaren eta teknologiaren garapenaren inguruan kontzientzia zabaltzea ere bada erronka. Arlo horietan emakumeek zein gizonek beren ekarpena egiteko modua dutela ulertarazi nahi zaie ikasleei eta horretarako profesionalki zientzian eta teknologian dabiltzan emakumeen adibideak erakutsi nahi dizkiete.

Arrakastatsua

Inspira ekimenak arrakasta lortu du azken urteotan. Horren erakusgarri dira parte hartze kopurua, bai borondatez parte hartzen duten STEAM arloko aholkulariena, ikastetxeena eta ikasleena, baita proiektuaren zabalkunde geografikoa ere. 2016-2017 ikasturtean EAEko 17 aholkularik, 11 ikastetxek eta 220 ikaslek parte hartu zuten programan. Aurtengo datuekin parekatuta gorakada bistakoa da. Horrez gain, ekimena Katalunia, Madril, Andaluzia, Murtzia, Galizia eta Asturiasera ere zabaldu da azken urteotan.

Bide beretik, Inspira proiektuak hezkuntza zientifiko eta teknologikoko jardunbide egokienen STEAM Euskadi Sarien I. edizioko saria jaso du duela gutxi Lakuako Gobernuaren eskutik. 2020ko azaroan eman zioten aitorpena unibertsitate batek sustatutako genero ikuspegiko ekimenik onenaren kategorian.