GAUR8

«Kalitatezko euskara estandar eredugarria» zabaltzeko hitzarmena EITBn

EITBk eta Euskaltzaindiak «kalitatezko euskara sustatu eta zabaltzeko» lau urteko hitzarmena sinatu berri dute. Helburua euskararen eredu estandarra zabaltzea da, hizkuntzaren lantze funtzionala indartzea eta euskalkien hizkeren aberastasuna zaintzen laguntzea.

Hitzarmena
Andoni Aldekoa eta Andres Urrutia, hitzarmenaren sinatze ekitaldian. (Euskaltzaindia)

2024ko abendura arte egongo da indarrean EITBk eta Euskaltzaindiak euskara sustatu eta zabaltzeko duten lankidetza arautuko duen hitzarmen berria. Testuan jasotzen denez, «EITBko hedabideek kalitatezko euskara estandar eredugarria zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute» hurrengo lau urteetan. Akademiak «arau eta irizpenak betetzeko konpromisoa» hartzen du.

2003tik duten lankidetzaren barruan, hitzarmen berrian euskalkien aberastasuna bistaratzeko eta balioan jartzeko egin beharreko ahalegina jasotzen da, «hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakoitzari eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion eran».

Hizkuntza zuzenaren lanketan, EAEko irrati-telebista publikoak Euskaltzaindiaren laguntza izango du. Akademiak, bestalde, EITBren testu-masa erabiltzen jarraitzeko aukera izango du, UZEI, Elhuyar eta IXA taldeekin batera garatzen ari den Lexikoaren Behatokia osatzeko.

Akordioaren barruan, euskararen batasun bidean emaniko arauak, gomendioak eta irizpideak, EITBk euskararen alorrean dituen beharrak eta kontsultak, euskararen erregistro berrien azterketa edota profesionalen hizkuntza-maila jasotzeko prestakuntza saioak eta argitalpen partekatuak, glosarioak eta eskuliburuak jasotzen dira.

Hitzarmen berriaren harira Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak nabarmendu du EITB dela Euskaltzaindiaren zabaltzaile nagusia, «bere informazio eta aktualitate saioen bitartez» bere arau eta gomendioak hedatzen dituelako.

Lankidetzak emandakoaren inguruan, Aldekoak zehaztu du Hikea euskarari buruzko aplikazioari esker Euskaltzaindiak araututako toki-izen guztiak EITBren barruan zabaltzeko sistema antolatu dela, eta gogoratu du EITBk prestatutako hainbat glosario Euskaltzaindiak aztertu eta balioztatu dituela.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, bestalde, «pandemiak zabaldutako giro latz honetan» bi erakundeen arteko elkarlana «are beharrezkoagoa» dela defendatu du, eta EITBk euskararen normalizazioan duen izaera estrategikoa aipatu du, «duen hedadura eta hizkuntza sustatzeko ahalmena kontuan hartuz».

Ahozko tradizioa

Batasunari ere erreparatu dio Urrutiak. «Guztion artean» egiten dugula nabarmendu ondoren, «herritik bertatik datorkiguna» ez baztertzea eskatu du, «batez ere ahozko tradiziotik jasotakoa». Hala ere, «ahozkotik harago» joan behar dela gaineratu du.

Euskaltzainburuaren ustez, hizkuntzaren erabilera jasoa bermatu behar da euskal hedabideetan, eta horretarako onomastika eta toponimia alorrean hartzen diren erabakiek duten garrantzia azpimarratu du.

«Toponimiaren garrantzia izugarria da euskararen herrialdeetan, azken batean horrek kultura eta hizkuntza baten inguruan batzen gaituelako; eta horretan komunikabideek zeresan handia daukate, batez ere EITBk», adierazi du.