GAUR8

Bideo-erronka lehiaketa antolatu dute Oarsoaldean, DBHko ikasleei zuzenduta

Oarsoaldean Motxian Eby antolatu dute, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako bideo-erronka lehiaketa. Astero euskarazko audio mintzatua duen bideo labur bat grabatu behar dute «zirikatzaile ezagun» batek jarritako erronkari erantzunez.

Motxian Eby lehiaketaren edizio berriaren kartela.
Motxian Eby lehiaketaren edizio berriaren kartela.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Motxian Eby bideo-erronka lehiaketaren edizio berri bat jarri du martxan. Deialdia 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzenduta dago. Jarriko diren erronka ezberdinei erantzungo dieten bideo motzen grabaketa eskatzen zaie. «Lanek –argitu dutenez– euskarazko audio mintzatua izan beharko dute nahitaez». Eskualdeko DBHko ikasle guztiak deialdian parte hartzera animatu dituzte.

«Zirikatzaile ezagun batek astero bideoz grabatuz gainditu beharreko erronka bat jarriko die eskualdeko gazteei», azaldu dute guztira lau erronka izango dituen ekimenaren funtzionamenduaz. Gehienez bi minutuko iraupena izan behar duten bideoak eskatzen dira.

Lehenengo erronka otsailaren 17an proposatuko dute www.motxianeby.eus webgunean. Horri dagokion bideoa bidaltzeko epea otsailaren 22an bukatuko da. Hilaren 24an beste erronka bat jarriko dute, eta martxoaren 1erako bigarren bideoak bidalita egon behar du. Martxoaren 8 eta 15 dira azken bi erronkak gainditzeko bideoak aurkezteko datak.

Asteko bideo irabazleak 125 euroko saria izango du eta 200 eurokoa bideo guztien artean onenak. Eskualdeko Kuadrillategiko gazteek aukeratuko dute lan irabazlea.

Umorea, originaltasuna, kalitatea…

Lanen ezaugarriei dagokionez, zehaztu dute gutxienez minutu bat eta gehienez bi minutuko iraupena izan behar dutela eta abesti edo doinuren bat erabiltzekotan, euskaraz abesten duen Euskal Herriko talde batena izatea hobetsiko dela.

Parte hartzaileek formularioa bete eta bertan atxiki beharko dute aste bakoitzeko bideoa. Umorea, originaltasuna, lokuzioaren kalitatea, hizkeraren egokitasuna eta lanaren exekuzio teknikoa baloratuko dira.