GAUR8

Gaurkotasun handiko gaien analisiak, Enlight unibertsitate proiektu europarra abian jartzeko astean

EHUk eta Europako beste zortzi unibertsitatek bultzatzen duten Enlight proiektua abian jartzeko astea ospatuko da martxoan, hainbat hitzaldi eta tailerrekin. Covid-19a eta ikerketa medikoa, turismoa eta prezipitazioen birulentzia edo hezkuntza eraginkorrago bat lortzea jorratuko diren gaietako batzuk dira.

leioa
EHUko Leioako Campusa, irudian. (Lusi JAUREGIALTZO/FOKU)

Martxoaren 1ean EHUrekin batera beste zortzi unibertsitateren parte hartzea duen Enlight proiektua hitzaldi publikoak eta tailerrak iragartzen dituen egitarau batekin jarriko dute martxan. Covid-19a eta ikerketa medikoa, Mediterraneoko turismoa eta prezipitazioen birulentzia edota hezkuntza eraginkorra lortzearen erronka jorratuko diren gaietako batzuk izango dira.

Enlight Unibertsitatea egitasmoan Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Europako beste zortzi unibertsitatek hartzen dute parte. Helburua da unibertsitate-sistema integratu baten oinarriak ezartzea, eta hori izango da proiektuaren zeregin nagusia hurrengo hiru urteetan.

Azaldu dutenez, «sistema horrek ikasleen eta langileen fluxu askea ahalbidetuko du baliabide akademiko eta administratiboen bidez, kalitatea bermatzeko mekanismo eta nazioarteko lotura eta konpromiso globalen bidez, harik eta irismen handiko ikerketa-azpiegiturak eratu arte».

Proiektua abian jartzeko, martxoaren 1etik 5era bitartean aurkezpen publikoak, hitzaldiak eta eta tailerrak egingo dira unibertsitate ezberdinetako adituek gidatuta, eta gehienak publikoak izango dira. Parte hartzeko, abiarazteko astean eman behar da izena.

Erronka sozial eta politikoekin lotutako gaiak

Programaren barruan, Flagship lectures izeneko saioak antolatu dituzte gaurkotasuna duten gaiak jorratzeko. Horien artean Covid-19aren krisiak epe laburrean ikerketa medikoan izango duen eraginaren inguruko solasaldia aipatu dute. Beste saio batean Mediterraneoko arroko herrialdeetan lurzorua helburu turistikoetarako erabiltzeak Europako iparraldeko prezipitazioen bolumenari eta birulentziari nola eragiten dion aztertuko dute; baina hezkuntza mundura ere hurbilduko dira adituak, «hezkuntza eraginkorragoa lortzeko ikasleak ahalduntzearen» garrantziaren inguruan hitz egiteko.

EHUri partzuergoaren txandakako lehen lehendakaritza hartzea egokitu zaio, eta asteari amaiera emango dio. Itxiera ekitaldi horretan, Eva Ferreira errektoreak hitz egingo du eta ondoren kultur ekitaldi bat izango da.

Europako Batzordeak 2020ko uztailean onartu zuen ENLIGHT Europako Unibertsitatearen proiektua. EHUrekin batera, unibertsitate hauek osatzen dute egitasmoa: Bordele (Estatu frantsesa), Gante (Belgika), Groninga (Herbehereak), Gotinga (Alemania), Upsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia), eta Comenius-Bratislava (Txekiar Errepublika).

Azpimarratu dutenez, parte hartzen duten erakunde guztiak «beren izaera orokorragatik nabarmentzen dira, ikerketaren arloan duten kalitateagatik eta beren konpromiso sozialaren dimentsio garrantzitsuagatik». Guztira, 300.000 ikasle baino gehiago biltzen ditu asmoak.