GAUR8

«Nekazaritzatik bizi nahi dugu!», Euspot euskarazko spot lehiaketaren aurtengo gaia

«Nekazaritzatik bizi nahi dugu!», horixe da Euspoten 10. edizio honek proposatzen duen lantzeko gaia. Gehienez 30 segundoko spotak eskatzen dira bizitzeko, ustiatzeko eta ekoizteko balioak eta familia-nekazaritzaren garrantzia nabarmentzeko eta gazteak eta emakumeak landa erremura erakartzeko.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzen duen Euspot lehiaketaren 10. edizioa ospatuko da aurten, eta «Nekazaritzatik bizi nahi dugu!» da aurtengo deialdian landu beharreko gaia. Helburua gazteak familia-nekazaritzatik bizitzera animatzea da, eta landa eremura gerturatzeko deia bereziki gazteei eta emakumeei zuzendu nahi zaie.

«Spot baten bitartez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztia balioan jartzeko eta lehen sektorea indartzeko», azaldu dute planteatutako gaiaren inguruan.

Parte hartzaileak inspiratzeko, gogoratu dute «familia-nekazaritza nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ustiatzeko modu jasangarri eta orekatu bat dela» eta zehaztu dute «elikadura, krisi klimatikoa, lurraldearen antolaketa, jasangarritasun ekonomikoa eta gazteriaren ongizatea» familia-nekazaritzaren erronka nagusiak direla gaur egun.

«Gazteek heldu behar diote ustiapen eredu jasangarri horri, beraien esku dago horren irautea, eta gizartearen esku ustiapen horietako elikagaiak kontsumitzea», zehaztu dute.

Proposatutako gaian oinarrituta, gehienez 30 segundoko iraupena duen spota eskatzen da, formatu librean.

Mila euro onenari

Euspot lehiaketak 2.800 euro banatuko ditu saritan. Mila euro jasoko ditu lan onenak, 500 euro publikoaren saria jasotzen duenak eta musika sinkronizazio onenaren saria 300 eurokoa izango da. Gazteen saria ere badago, 250 eurokoa, 18 urtetik beherakoentzat; eta sari gehigarri bi, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onenak 500 euroko saria izango baitu, eta 250 eurokoa Arizmendiko ikasleentzat.

Argitu dute aurten ere ikus-entzunezko publizitatearen gaineko online formazioa eskainiko dutela «spot egileen harrobia indartzeko asmotan». Formazioa Julen Urtxegi Euspot 2020ko irabazle eta ikus-entzunezko sormenean aditua denak emango du. «Helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea», zehaztu dutenez.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik, eta 27an izango da banaketa ekitaldia.

Aurten lehen sektorean, elikaduran eta arrantza munduan gai ezberdinen inguruko ikerketetan aritzen den HAZI EAEko erakundea babesle gisa aritzen da deialdian.

Euspot edizio guztietan 400 spot inguru jaso dira eta Euspot.eus atariak 19.000 bisita baino gehiago dauka. Sare sozialetan, 2.000 jarraitzaile dauzka ekimenak.