GAUR8

Elikagaien etiketen informazioa ulertzeko gida argitaratu dute EHUko lau ikertzailek

EHUko ikertzaile talde batek elikagaien etiketak ulertzeko gida praktiko bat kaleratu du. Helburua da etiketetan legez agertu behar diren kontzeptuen esanahia erraz azaltzea eta elikagaien industriak erabiltzen dituen estrategiekin ez nahasteko aholkuak ematea, benetan behar edo kontsumitu nahi dena aukeratzeko.

Erosleak supermerkatu batean, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Erosleak supermerkatu batean, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Europako legediak elikagaien etiketetan agertu behar den informazioa arautzen du, baina askotan ez da erraz ulertzekoa eta sarritan «nahasi egiten dira nahitaez jarri beharreko informazioa eta elikagai industriak gure arreta erakartzeko baliatzen dituen marketin estrategiak».

Egoera horren aurrean, EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko Nutrizio eta Obesitateari buruzko taldeko ikertzaileek “Badakigu zer erosten dugun? Elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa” liburua argitaratu dute.

Lana Leixuri Aguirre Lopez, Maria Arrizabalaga Lopez, Maria del Puy Portillo Baquedano eta Itziar Eseberri Barace ikerlariek kaleratu dute, eta derrigorrezkoak diren «iraungitze data», «kontsumo lehenetsia» edota «osagaien zerrenda» kontzeptuen atzean dagoen informazioari buruz oinarrizko ideiak azaltzen ditu.

Ekoizleek, batzuetan, produktuetan eransten dituzten nutrizio eta osasunari buruzko adierazpenen esanahia eta erregulazioa «modu erraz eta praktiko batean» azaltzen du gidak. «Arlo honetako legedia ulertzen zaila gerta daitekeenez, gida honek edozein pertsonari hori erraztea du helburu, azalpen eta adibide praktikoekin, aurrerantzean gure beharrekin eta itxaropenekin ondoen datozen produktuak aukeratu ditzagun”, azaldu du María del Puy Portillok.

Bi galdera, erosi baino lehen

Gidan, bestalde, «zenbait produkturen adibideak ematen dira, non elikagaien industriak erabiltzen dituen estrategiak edo ‘amuak’ kontsumitzailea nahas dezaketen haiek aukeratzeko orduan», azaldu dute. Ikertzaileek nabarmentzen dute bi direla «geure buruei egin behar dizkiegun funtsezko galderak: Benetan produktu hori da behar duguna edo kontsumitu nahi duguna?» eta «Guztiz ongi dakigu zer aukeratzen dugun?».

Publiko orokorrarentzat idatzita, lana osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleen prestakuntzarako tresna garrantzitsua ere izan daitekeela azpimarratu dute.