GAUR8

Bertsolaritza irakasteko metodologia berri bat: bat-batean aritzea

Bertso hezkuntzan bat-batean aritzearen lanketan zentratzen den metodologia berria aztertzen ari dira ikastetxeetan. Bertsozale Elkarteko Mikel Artolak proposatu du sistema berria eta «oinarrian, haurrei bertsotan bat-batean irakastean datza». Azaldu duenez, haientzat zaila da bertso oso bat egitea, baina «puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira».

Irudian, geletan bertsolaritza irakasten. (Bertsozale Elkartea)
Irudian, geletan bertsolaritza irakasten. (Bertsozale Elkartea)

Bertsozale Elkartearen datuen arabera, egun 229 herritan eta 511 ikastetxetan, 29.550 ikasle ari dira bertsolaritza ikasten 53 irakasleri esker. Azken urteetan irakasteko prozesua aztertu duen Mikel Artolak metodologia berria probatu eta proposatu duela azaldu du Elkarteak, eta «oinarrian, haurrei bertsotan bat-batean irakastean» zentratzen dela zehaztu du.

Artolaren esanetan, «eskatzen diegun horretan dago koska». Dioenez, haurrentzat zaila da bat-batean bertso oso bat egitea, «baina puntu bat beste puntu batekin erantzuteko gai izaten dira ia denak, baita kopla bat egiteko ere, biren artean», argitu duenez. Gakoa da, bertsolariek egiten duten bezala «belarriz» egiten dutela «eta ez silabak kontatuta».

Bertsolaritza irakasteko formatu berria batzuentzat «aldaketa handia» izaten ari dela onartzen du, baina «ez horrenbeste» beste batzuentzat. «Eginez ikastea da orain kontua, eta ez horrenbeste bertsoaren gramatika ikasi eta gero praktikan jartzea, nabarmendu du Artolak.

«Ikasleak, eroso, motibatuta»

Sistema berriaz Nerea Urra irakasleak aipatzen du «dinamika biziagoa eta parte hartzaileagoa» ikusten duela gelan. Motibazio handiago bat eragiten duen funtzionamendua dela dio, eta uste du norberaren «gaitasunak garatzeko aukera gehiago» ematen duela.

Asier Alcedo irakasleak kantuan ari den haurraren eta gainontzekoen erreakzioan erreparatu du. Azaltzen duenez, «lehenengo tokatzen zaionak ariketa ondo bukatzen badu; batzuetan, txalotu ere egiten dute ezinezko zerbait egin duelakoan» eta haien txanda heltzen denean, urduri badaude ere «behin abestuta, harrotasun puntu batekin ere egoten dira».

Metodologia berria «gogoeta orokor eta sakon» baten emaitza da. Orain geletan grabatutako bideoak aztertzen ari direla azaldu du Artolak eta horretarako irakasle-ikertzailearen figurak duen garrantzia azpimarratu du.