GAUR8

Egokitzeko lanak amaituta, irekita dago Bertizko Natur Parkeko bidezidorren sarea

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko bidezidorren sarea bisitarientzako irekita dago berriz, pasa den urriko haizeteek eragin zituzten kalteak konpondu ondoren. Lanak hilabeteetan luzatu dira eroritako zuhaitzak kendu eta espezie autoktonoen masen berreskurapenean aurrerapausoak emateko.

BERTIZ
Bisitariak Bertizko parkean, artxiboko irudian. (Gari GARAIALDE/FOKU)

Aste Santuarekin batera Bertizko Jaurerriko Natur Parkeak bidezidorren sarea ireki du, bideak egokitzeko eta kaltetutako zuhaitzak kentzeko lanak amaitu ondoren.

Azken hilabeteetan, segurtasunagatik mugatuta egon da bisitarien sarrera. Izan ere, zuhaitz asko erori ziren basoan pasa den urriaren 20an, haizeteen ondorioz, eta ale asko egoera ezegonkorrean utzi zituzten, pista eta bidezidorretara erortzeko arrisku handiarekin.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Sailak azaldu du hilabeteotan hainbat jarduera egin direla bertan «mendia kontserbatzeko eta hobetzeko», Biodibertsitate Zerbitzuaren bitartez.

Jarduketa-eremuak harrera-gunearen eta baso helduaren arteko trantsizio espazioetan kokatu direla zehaztu dute, basoan bisitari gehien biltzen diren eremuetatik hasita. Zehaztu dutenez, Erreparazeako bidezidorrean, Suspiro, Iturburua eta Irretarazuko bidezidorretan eta pista nagusian izan dira lan gehienak.

Plan ezberdinen jarraibideen arabera

Nabarmendutakoaren arabera, natur parkearen kontserbazioa arautzen duten plan ezberdinen eta Exotikoen Kontrolerako Planaren jarraibideen arabera egin dira lanak.

«Segurtasuna bermatzeaz eta areagotzeaz gain, espezie autoktonoen masak berrekuratzeko helburua bete» dela adierazi dute, «masa misto autoktonoak modu naturalean ezartzea erraztuz».

Bereziki kudeatutako espeziea haritz amerikarra izan da (aloktono inbaditzailea), pixkanaka desagerrarazteko inguruko berezko espezieekin ordezkatuz. Kasu honetan, eraitsitako haritz amerikarraren zura atera dela zehaztu dute, «bertako espezieak naturalki eta landaketa bidez errazago sartzeko».

Bertizko Parkeak 2.000 hektarea inguru ditu eta bisitatuenetako bat da.