GAUR8

Garai digitaletako ongizatea: deskonexioa eta komunitateetan parte hartzea

Zoriontasuna edota ongizatearen pertzepzioa gogor kolpatu du pandemiak. Aditu batzuen ustez, egoera hiperkonexioarekin lotuta egon daiteke askotan. Horregatik, ongizate digitalari erreparatzeko aholkatu eta beharrezko deskonexioak egitea gomendatzen dute.

Jaizkibel
Mendizale bat paisaiari begira, Jaizkibelen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Bizi ditugun garai digitaletan, gailu elektronikoak deskonektatzea eta interes amankomunak dituzten komunitateetan parte hartzea ongizatea areagotzen duten gakoetako bi dira, zenbait adituren arabera.

Mireia Cabero Catalunyako Oberta Unibertsitateko (UOC) Psikologia eta Hezkuntza Zientzietako adituak gogoratu du inkesta batzuek herritarren zoriontasun mailaren jaitsiera baieztatu eta beherakada %8aren inguruan kokatu dutela.

Errealitate hori bizi ditugun garai digitalen testuinguruan kokatzen dute adituek, Interneterako hiperkonexioarekin lotuta hainbat kasutan.

«Askotan ez gara jabetzen gure gogo-aldartean eragiten duten aldaerez», azaldu zuen Calverok duela gutxi ospatu den Zoriontasunaren Nazioarteko Egunaren harira.

Zehaztu zuenez, zoriontasunak identitaterakin lotutako dimentsio sakonago bat du eta bizi nahi dugun bizitza bizitzearekin lotuta dagoen beste dimentsio azalekoago bat. Azken dimentsio hori, dioenez, egunerokoan eman ahal diren zoriontasun uneekin eta ongizate emozionalarekin lotuta dago.

Marta Calderero UOCeko adituaren ustez, orain badakigu emozioen ongizate digitalean «gauza ezberdinak gertatzen» direla, emozio mendekotasuna, estresa edo hiperkonektibitateak eta harreman distortsionatuek eragiten duten larritasuna bezalakoak.

Dimentsio berri horren arabera, Caldererok zoriontsuago bizitzeko zenbait gomendio luzatu du, norberaren errealitatea berrantolatzetik eta etxean eroso egoteko lan eremua diseinatzetik hasita, teknologiaren erabilera egokia egin eta deskonexio espazioak bermatze aldera.

30 minutu, bizpahiru aldiz

Aldizkako deskonexioa ziurtatzea da gomendioetako bat. Eguneroko errutinan, bi edo hiru aldiz 30 minutuko deskonexioa egiteak «burmuina energiaz kargatzen» laguntzen duela aipazten du.

Gomendagarria da, bestalde, programen eta gailuen erabileran muga batzuk jartzea, telefonari begira etengabe mezuak jaso dituen konprobatzen denbora luzea ez emateko.

Optimismoa indartzearen garrantzia nabarmentzen du Caldererok, eta inspiratzeko informazioa eskaintzen duten sare sozialetako kontuen kontsumoa, baita «esperientzia paregabeak» bizitzea eta aurrez aurreko harremanak lehenestea.

Psikologaren arabera, ingurune digitala gure zaletasun berak dituzten pertsonekin konektatzeko erabili daiteke. Zehazten duenez, norberaren ongizatea eraikitzea da gakoetako bat, ongizate fisikoa eta emozioen ongizate digitala kontuan hartuta, bakoitzak esperientzia-kalitate ezberdin bat eskaintzen duela kontuan hartuta.

Ingurune digitalaren arriskuetako bat, dioenez, sor ditzakeen irudipen idealekin lotuta dago. «Beste pertsona batzuen bizitzak idealizatzen ditugu, txarragoak izaten den gurearekin konparatzen ditugu eta horrek ziurtasunik eza, autoestimu baxua eta bekaizkeria eragin» ditzakeela nabarmentzen du.