GAUR8

Arrano arrantzaleek habia egin dute Urdaibain, eta etxetik zuzenean ikus daiteke

Lehenbiziko aldiz arrano arrantzale bikote bat Urbaibain ugaltzen ari da, eta naturak oparitutako ikuskizun hori etxetik jarraitzeko aukera izango da. Gaur habian kokatu duten kamera konektatuko du Urdaibai Bird Centerrek. Istorio honen protagonistak: Landa eta Roy.

Arrano arrantzalea, irudian. (Urdaibai Bird Center)
Arrano arrantzalea, irudian. (Urdaibai Bird Center)

Naturak opari ederra ekarri du Urdaibaira. Lehen aldiz, arrano arrantzale bikote bat bertako paduretan ugaltzen ari da, eta gertaera «Urdaibaiko Biosfera Erreserbako biodibertsitaterako mugarri garrantzitsuenetako bat» dela nabarmendu dute.

Ikuskizuna etxetik jarraitu ahal izango da Urdaibai Bird Centerri esker, «naturako dokumental paregabea» zuzenean eskainiko baitu zentroak, webgunearen bidez, ostegun honetatik aurrera.

Kamerak goizeko 10.00etan konektatuko dituzte, eta zehaztu dutenez, «Landa izeneko arrano eme frantziarra eta jatorri eskoziarra duen Roy izango dira istorio polit honen protagonistak».

Enbarazurik egin gabe

Arranoen habian kamera bat kokatu dute hegaztien bizitza zuzenean jarraitzeko, baina euren egunerokoan enbarazurik egin gabe.

Era horretara, ikusi ahal izango da nola eramaten dituzten habia erraldoira Urdaibaiko uretan arrantzatuko dituzten lazun, lupia, muxarra edo platuxak.

Hegaztien behatokia den zentrotik argitu dute ezin dela dena ziurtatu, baina espero dutela bikoteak txitak izatea, «Kantauriko kostaldean duela urte askotatik jaiotako arrano arrantzalearen lehen txitak» izango direnak.

Habia espeziearekin egindako berreskurapen proiektuaren emaitza dela nabarmendu dute. «Orain arrano arrantzale familia bat osatzea baino ez da falta, eta aurten gerta daitekeenaren esperantza irmoa daukagu», azaldu dute.

Ez gerturatzeko deia

Aipatu dute ez dela, halere, erronka erraza, habia ezkutatzen duten gainerako harrapariek ez bezala, arrano arrantzaleek denon begi bistan dagoen habia erraldoi bat egiten dutelako, «padurako hegazti ikusgarrienak direla erakusteko».

Horregatik, dei berezia luzatu dute herritarrei eta bereziki turistei, itsasontzi gidariei, piraguetan dabiltzanei, paddle surfean aritzen direnei edota txakurrak dituzten herritarrei zuzenduta, habiaren ingurura inolaz ere gertura ez daitezen, «eragozpenen aurrean arranoek habia utz baitezakete».