GAUR8

Turismoaren etorkizunari eta turismo digitalari buruzko jardunaldia antolatu du Deustuko Unibertsitateak

Deustuko Unibertsitateak turismo sektorearen etorkizunaren eta turismo digital berriak dituen aukeren inguruko jardunaldia antolatu du. Webinar formatua izango du, eta bereziki Turismoko graduko etorkizuneko ikasleei zuzenduta dago.

Bi turista plano bat begiratzen Donostian, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Bi turista plano bat begiratzen Donostian, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Ostegun honetan, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Turismo Sailak web mintegi bat antolatu du turismo sektorearen etorkizunaren inguruan hausnartzeko.

Antolatzaileek azaldu dute ohar batean ekimenak interes berezia daukala turismo ikasketak egin nahi dituzten Batxilergoko ikasleentzat.

Hitzaldia Raul Jimenez Minube enpresako zuzendari nagusi eta sortzaileak emango du. Aurreratutakoaren arabera, Covid-19aren ondoren zabaltzen den agertokian «nola bidaiatuko dugun eta big datak turismoari nola lagundu diezaiokeen» azalduko du hizlariak.

Bidaiariak eta tresna digitalak

Adierazi dutenez, hitzordua «turismo digital berriaren aukerak, bidaien eta esperientzien dinamizazioa, turismo sektoreko enpresen eta erakundeen kudeaketa edo ekitaldien antolaketa erakargarri ikusten» dituzten etorkizuneko unibertsitate ikasleei zuzenduta dago, bereziki.

Izan ere, datorren ikasturtean “Turismoa+Eraldaketa digitala Turismoan” gradu berria eskainiko du Deustuko Unibertsitateak.

Turismo digitala teknologia berrien erabilerarekin lotuta dago, baita bidaiariak bilatzen dituen esperientzia ezberdinei erantzuna emateko aukerekin, bilatzaile espezializatu, tresna digital eta aplikazio berezien erabilera gero eta ohikoagoa baita sektorean.

Hitzorduan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da Unibertsitateko web orrian.