GAUR8

«Señora Sariketa», dagoeneko jakin-mina piztu duen 14 emakume bertsolariren lehia

Aramaion hasiko da larunbat honetan eta 14 emakume bertsolari izango ditu protagonista. Mutrikun eta Lesakan izango dira hurrengo bi saioak. I. Señora Sariketa hasteko prest dago, eta ezagutzera eman ez diren «señora» bik jakin-mina piztu dute.

Irudian, Miren Artetxe Bertso Xilabaren azken edizioan. (Bob EDME)
Irudian, Miren Artetxe Bertso Xilabaren azken edizioan. (Bob EDME)

I. Señora Sariketak 14 emakume bertsolari jarriko ditu lehian larunbatean Aramaion hasita.

Lehenengo saioa Aramaiokoa izango da, beraz, asteburu honetan bertan. Beste bi hitzordu ditu egitasmoak: Mutrikun, apirilaren 24an, eta Lesakan, maiatzaren 8an.

Prozedurari dagokionez, azaldu dute hamalau bertsolariek lehen bi saioetan hartuko dutela parte. Saio bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira finalerako, eta lau horietaz gain «‘señora izateagatik’ dagoeneko sailkatuta dauden beste bi bertsolari ariko dira», baina «ez dugu jakingo nortzuk diren eguna iritsi arte». Saioek, beraz, intriga puntu bat izango dute.

Aramaion izango den kanporaketa kultur etxean egingo da, 17:00etan hasita. Alazne Untxalo, Haizea Arana, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Oihane Perea ariko dira. Ainhoa Urien izango da gai-jartzailea.

Bigarren kanporaketa, 24an Mutrikun izango dena, Kalbarioko ermitan eta ordu berean jokatuko dute. Ainhoa Agirreazaldegi, Aissa Intxausti, Oihana Arana, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Saioa Alkaiza ariko dira bertsotan, saioa Maite Berriozabalek gidatuta.

Beste urrats bat

Saio guztietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Señora Sariketa honen lehenengo edizioaren atarian, nabarmendu dute haren helburua emakumeen ahalduntzean pauso bat gehiago ematea dela.

Zehaztu dutenez, ekimena zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministak antolatu dute, eta Bertsozale Elkarteak ideiarekin bat egin ezik, egitasmoa babestu ere egin du.