GAUR8

Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara aztergai duen liburua plazaratu du Koldo Zuazok

Koldo Zuazo hizkuntzalariak Nafarroa Behereko hego-mendebaldean egindako lana argitaratu berri du Euskal Herriko Unibertsitateak: “Baigorri eta Ortzaize Ibarretako Euskara”. 2018 tik eskualde horietako euskara aztertzen jardun du bertatk bertara hiru hamarkadan euskalkiak eta euskal hizkerak erakusteko Euskal Herria alderik alde zeharkatu duen katedratiko eibartarrak.  

Koldo Zuazoren azken liburuaren azala (EHU)
Koldo Zuazoren azken liburuaren azala (EHU)

2018an bost urteko lanaren emaitza eman zuen argitara Koldo Zuazok : “Sarako euskara”, hizkera ospetsua bezain ezezaguna Euskal Herri gehienean. Lan hura amaitu orduko ekialdera jo zuen hizkuntzalari eibartarrak, Baigorri eta Ortzaize ibarretara, hain zuzen. Nafarroa Behereko egonaldian, ohi duen moduan, bertatik bertara aztertu zuen bertako euskara eta “Baigorri eta Ortzaize  barretako Euskara” argitaratu du Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik. Hamaika herri daude Nafarroa Behereko hego-mendebaldeko ibar horietan, Lapurdiren eta Nafarroaren mugan.

Zuazoren azken liburu honek atal nagusi bi ditu: gramatika eta hiztegia. Gramatikaren atalean inguru hartako euskararen egitura erakusten du, oinarrizko gertakariak. Hiztegiari dagokionez, oso oparoa dela nabarmendu beharra dago, 4.625 sarrera, 934 azpisarrera, 75 esamolde eta 35 esaera eta esaera zahar biltzen baititu: «Azken batean, gaur egun Nafarroa Beherean egiten den euskara ezagutzeko bitarteko egokia».

Ikerketa lan luzea

Koldo Zuazok, Euskal Herriko Unibertsitateko katedratiko eta urte askoan irakasle izanak, euskal euskalkien eta hizkeren gaineko beste hainbat saio plazaratu ditu aspaldi luzetik; este baterako, bakan batzuk baino ez aipatzearren: “Deba ibarreko euskara” (Badihardugu Euskara Elkartea: 2006), “Sakanako euskara. Burundako hizkera” (Euskaltzaindia: 2010), “Arabako euskara” (Elkar: 2012), “Mailopeko euskara” (EHU/UPV: 2013), “Sarako euskara” (EHU/ UPV: 2018) eta, Urtzi Goitiarekin batera, “Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara” (EHU/UPV: 2016).

Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Deba ibarreko euskararen deskribapen xehea egin zuen “Mendebaleko euskara” liburuan (Elkar: 2017). Gaur egungo euskalkien ikuspegi orokorra agertu du beste bi liburu hauetan: “The Dialects of Basque” (University of Nevada, Reno: 2013) eta “Euskalkiak” (Elkar: 2014).

Euskalkiez gainera, euskara batua ere izan du kezka eta aztergai Zuazok, bere doktore tesitik hasita: “Euskararen batasuna” (Euskaltzaindia: 1988). Ondoren, “Euskara batua. Ezina ekinez egina” (Elkar: 2005) eman zuen argitara. Bi gaiok, euskalkiak eta euskara estandarra, biltzen dituen lan bat ere plazaratu du Routledge argitaletxe ospetsuak argitaratutako “Standard Basque and Its Dialects” liburuan (2019).