GAUR8

Garuneko zeluletan gertatzen den atrofia, Parkinsonen gaixotasunaren aldaera arruntenaren ondorio

Parkinsonen gaixotasunaren aldaera genetiko arruntenaren ondorioz garuneko astrozito izeneko zeluletan gertatzen den atrofia identifikatu du Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Paula Ramos Gonzalez ikertzaileak. Bere tesiaren emaitzak Nature argitaletxearen “npj Parkinson’s Disease” aldizkarian argitaratu ditu. 

Paula Ramos Gonzalez (Mikel Mtz. de Trespuentes I EHU)
Paula Ramos Gonzalez (Mikel Mtz. de Trespuentes I EHU)

Basque Center for Neuroscience zentroko ikertzaile Paula Ramos Gonzalezek garuneko astrozito izenbeko zeluletan gertatzen den atrofia identifikatu du, Parkinsonen gaixotasunaren aldaera genetiko arruntenak eragina. Tesiaren emaitzak urrats garrantzitsua dira disfuntzio horiek arinduko dituzten terapiak bilatzeko eta gaixotasuna zuzendu edo arintzeko mekanismoak garatzeko, Achucarro zentroak jakinarazi duenez.

«Zelula birprogramazioaren teknikari esker, zelula natural berriak sor daitezke emaile osasuntsu edo gaixoen larruazaleko biopsietatik abiatuta», diote, «zenbait gaixotasunen sorkuntza eta garapena ikertzeko balio dutenak», hala nola gaixotasun neurologiko nagusietako batena, Parkinsonen gaixotasunarena, hain zuzen.

Astrozitoak nerbio sistema zentraleko zelula ugarienak dira, garunean daudenak, eta behar bezala funtzionatzen dutenean, zeregin erabakigarria dute garunaren osasunean; halaber garrantzitsua da euren eragina gaixotasun neurologikoetan. Azken urteetako ikerketen arabera, baliteke astrozitoen funtzionamendu okerrak eragina izatea Parkinsonen gaixotasunean gertatzen den kaltean.

Astrozitoak sortu dituzte

Paula Ramos Gonzalezen doktore tesiaren esparruan, nazioarteko talde batek astrozitoak sortu ditu emaile osasuntsuetatik eta Parkinsonen gaixotasuneko mutaziorik ohikoena duten pazienteetatik abiatuta, LRRK2 genean dagoen mutazioa duten pazienkteetatik, alegia.

«Lan horrekin, ikusi da LRRK2 mutazioa duten pazienteetatik lortutako astrozitoek atrofia morfologiko handia eta disfuntzio metabolikoa dutela, eta horrek iradoki dezake urritasuna dutela neuronentzat duten euskarri funtzionamenduan. Aurkikuntza horretatik abiatuta, hurrengo urratsa 'garun organoideak' sortzea izango da, pazienteen zeluletatik abiatuta. Horri esker, disfuntzio horien efektuak arintzeko hurbilketa terapeutikoa ikertu ahal izango da eta, horrekin, gaixotasuna hobeto ulertu ahal izango da, baita, idealki, gaixotasuna zuzentzeko edo arintzeko mekanismoak garatu ere», azaldu dute.

Lan zientifiko hori EHUk eta Achucarro zentroak Bizkaiko Campusean dituzten laborategietan garatu da osorik, eta Nature argitaletxearen “npj Parkinson’s Disease” aldizkarian argitaratu da, edonorentzat irisgarri, mundu guztian patologia bera ikertzen duten ikerketa talde guztiek eskuragarri izan dezaten.