GAUR8

Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkideen batzarra, ostegunean, aurten ere telematikoki

Aranzadi Zientzia Elkarteak ostegunean egingo du Ohiko Batzar Orokorra, bigarren urtez formatu telematikoan, covid-19aren pandemiaren ondorioz ezarritako osasun neurriak direla eta. Dagoeneko 75. urteurrenari begirako jarduerak prestatzen hasi da.

Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza, Zorroagan (ARANZADI)
Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza, Zorroagan (ARANZADI)

Aurten ere, bigarren urtez, osasun egoera dela-eta indarrean dauden segurtasun neurrien ondorioz, modu telematikoan egingo du bihar Aranzadi Zientzia Elkarteak Ohiko Batzar Orokorra.

Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Aranzadiko 2.000 bazkideek modu birtualean parte hartu beharko dute batzarrean, eta ekitaldia Youtube bidez emango dute. Galdera-erantzunen txanda Zoom-en bidez egingo da, eta bozketak Appsamblea online plataformaren bidezkoak izango dira, 18:00etan. «Iazko batzarrean erregistratu bazinen, ez duzu zergatik berriz erregistratu. Pasa den urteko korreo elektroniko eta pasahitzarekin erabili beharko duzu batzarrean botua emateko (beti ere batzar honetako erroldan bazaude)», azaldu diete parte hartzaileei, eta zalantzak edo arazo teknikoak dituztenek posta elektroniko honetara jo dezakete: artxiboa@aranzadi.eus.

«Aranzadiren historiako mugarria»: 75. urteurrena

Batzarrean, besteak beste, elkartearen 75. urteurrena izango dute hizpide, «Aranzadiren historiako mugarria»; izan ere, datorren urtean izango da urteurren borobil hori, eta dagoeneko hari begirako jarduerak prestatzen hasi dira.

Aranzadi Zientzia Elkarteak jakinarazi du 2020ko ekitaldiaren balantzeari dagokionez, bere agendan zeuden proiektu guztiak egin eta amaitu ahal izan dituela, hala nola gorpuak hobitik ateratzea, indusketa arkeologikoak, hitzaldi zikloak eta jardunaldiak. Halaber, jakinarazi duenez, ekimen horiek guztiek edukiera mugatua izan dute eta pandemiari aurre egiteko ezarritako gainerako neurriak bete egin dituzte.