GAUR8

Zapla! egitasmoko hurrengo bi saioak, Irurtzunen eta Zizur Nagusian

Zapla! egitasmoak zentzumenetan oinarritutako bertso saio berezia antolatudu, bihar, 18:30ean, Irurtzunen jokatuko dutena. Igandean, berriz, beste saio bat izanen da Zizur Nagusian, kasu honetan bertso trama. Bietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Irurtzun eta Zizur Nagusiko saioen kartela (Nafarroako Bertsozale Elkartea)
Irurtzun eta Zizur Nagusiko saioen kartela (Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Joan den asteburuan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bultzatuta, Zapla! egitasmoa abiatu zen. Pandemiak «bertso plaza ia desagerrarazi» duen honetan, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratu dela kontuan izanik, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea da proiektuaren asmo nagusia. Gainera, kultura, eta bertsolaritza, seguruak direla erakusteko xedea ere badu, arduraz antolatuta. Era berean, txapelketarako beharrezkoa den «egitura zurrunetik harago», bestelako saio mota, gai eta ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera baliatu nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Zentzumenei kantari

Hartara, zazpi saioko zikloa diseinatu dute, Nafarroako zazpi herritan barrena. Lehenengo saioak Lizarran eta Beran izan ziren  joan den asteank, eta hurrengo biak Irurtzunen eta Zizur Nagusian izanen dira heldu den asteburuan. Bihar, apirilak 30, zentzumenetan oinarritutako bertso saio berezia izanen da, Maialen Belarrak gidaritzapean. Gai-jartzaileak zentzumenei kantari jarriko ditu Iker Gorosterrazu, Irati Majuelo eta Sustrai Colina. Saioa 18:30ean hasiko da Irurtzungo Kultur Etxean.

Igandekoa, berriz, bertso trama izango da, 18:30ean Zizur Nagusiko Kultur Etxean. Beñat Astiz, Idoia Granizo, Miel Mari Elosegi “Luze”, Sarai Robles eta Xabat Illarregi ariko dira bertsotan, eta Ander Aranburuk jarriko dizkie gaiak. Bertso traman, bertsolari bakoitzak pertsonaia baten rola hartzen du hasieratik eta haren larruan segitzen du bukaerara arte, saioan barrena istorio oso bat harilkatuz.

Bai Irurtzungo saiorako, bai Zizur Nagusikorako eskuragai daude sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian.