GAUR8

Zubiri herria, Driehaus Arkitektura lehiaketako saridunen artean

Driehaus Arkitektura Lehiaketak Esteribar udalerriko Zubiri kontzejuak gordetzen duen xarma saritu du, Estatuko beste bi herrirekin batera. Herrixken arkitektura tradizionalari erreparatzen dion ekimenak Zubiriko zaharberritze proiektuaren «kokapen pribilegiatua» goraipatu du.

Zubiriko ostatu zaharra eta herriari izena ematen dion zubia. (Driehaus Lehiaketa)
Zubiriko ostatu zaharra eta herriari izena ematen dion zubia. (Driehaus Lehiaketa)

Herrixken arkitektura tradizionala berreskuratzea helburu duen Driehaus Lehiaketak Esteribar udalerriko Zubiri herria saritu ditu aurtengo edizioan, Valpuesta (Burgos) eta Buitrago del Lozoya (Madril) herriekin batera.

Urtero ospazten den ekimena duela gutxi hil den Richard H. Driehaus finantzari estatubatuarrak sortu zuen eta Estatu espainolean «tokiko arkitektura-tradizioan eta nortasun berezian oinarrituta» landuko diren proiektuak laguntzea du helburu.

Horrekin batera, eskulangileen eta tokiko langileen jarduerak sustatzen lagundu nahi du, enpleguak sortzeari begira. Izan ere, tokiko materialen eta tekniken erabilera eta konponbide tradizionalak sustatzea deialdiaren helburuetako batzuk dira.

Azaldu dutenez, lehen fasean tokiko erakundeek hainbat espazio arkitektoniko birgaitzeko edo birmoldatzeko proposamenak aurkeztu dituzte eta jaso ziren 30 proiektuen artean epaimahaiak Zubiri, Valpuesta eta Buitrago del Lozoya aukeratu ditu.

Xarma berezia

Lehiaketako antolatzaileek nabarmendu dute Zubiriko proposamenak «xarma berezia» duela «zaharberritu beharreko eraikinaren kokapen pribilegiatuagatik».

Aipatutako eraikuntzaz zehaztu dute «gaur egun abandonatuta dagoen harrizko eraikina» dela, Orreagatik jaisten den Done Jakueren bidearen ondoan dagoela eta herriari izena ematen dion zubiaren inguruan kokatuta.

Historikoki erabilera ezberdinak izan dituen eraikina dela gogoratu dute. Ostatua izan zen baita eskola ere. Orain zaharberritzea eta kultur gune bihurtzeko proiektua dago Esteribarko herrian.