GAUR8

Covid-19aren osteko gizarteari buruzko hausnarketak, Garapenerako GKE-en podcast berrian

EAEko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak covid-19ren osteko gizartea norekin eraiki behar den galdetu du kalean. Eraldaketaren bidean, feminismoa, arrazakeriaren aurkako elkarteak edota garapenerako GKEak bezalako gizarte mugimenduekin bat egitearen beharra aipatu dute herritarrek. Iritziak podcast batean bildu dituzte.

Herritarrak Zarauztik paseatzen, irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Herritarrak Zarauztik paseatzen, irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Nazioarteko lankidetzan aritzen diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 79 erakunde biltzen dituen Garpenerako GKE-en Koordinakundeak «Eraikuntza» izeneko proiektua jarri du martxan. Hausnarketa bultzatzea da helburua, eta podcastetan, covid-19aren osteko gizartearen eraikuntzari buruzko herritarren era erakundeen lekukotzak, proposamenak eta konpromisoak jaso dituzte.

Dagoeneko hirugarren podcasta kaleratu dute ekimenaren barruan, pandemiaren osteko gizartea norekin eraiki planteatzen duen atala jorratzen duena, eta azpimarratu dute gizarte mugimenduen parte hartzearen garrantziaren inguruko iritziak daudela jasotako herritarren gogoeten artean.

«Gure kaleetan barrena ibili gara, jendearekin eta erakunde sozialekin eseri eta hitz egiteko, euren istorioak eta egungo egoerari buruz dituzten iritziak, bizipenak, beldurrak eta proposamenak ezagutzeko», azaldu dute ekimenaren inguruan.

Zehaztu dutenez, «era guztietako ideiak eta iradokizunak» jaso dituzte covid-19aren osteko agertokira begira. Hausnarketaz nabarmendu dute, bestalde, «herritar arduratsuak, kontzientziadunak eta kritikoak» sortzen lagundu nahi dutela «politika solidarioak eta bidezkoak defini ditzaten, are gehiago, une hauetan».

«Bidezkoagoa den mundu bat»

Egitasmoa lau ataletan banatu dute, lehenengo bi ataletan «zein mundu eraiki nahi» dugun eta krisiaren ostean eta «zer balio behar» ditugun planteatu zituen egitasmoak. Argitaratutako azken kapituluan, berreraikitze hori «nola eta zein aliantzarekin eta eragilerekin egin» daitekeen galdetu dute.

Azaldu dutenez, jasotako iritzien artean «hamaika urtez lanean ari diren gizarte mugimenduekin» bat egitearen beharra aipatu dute herritarrek, garapenerako GKE-en, feminismoaren edota arrazakeriaren kontrako kolektiboen lana aipatuta.

«Gizartea eraldatzea da haien helburua, kolektiboan oinarrituta, betiere pertsona guztientzat eta leku orotan bidezkoagoa den beste mundu bat lortzeko», adierazi dute bildutako mezuen inguruan.

Erantsi dute zenbait ahotsek gogoratu dutela «eraldaketarako benetako indarra gizartean eta ekintza indibidualetan» dagoela edota jendarteak «irtenbideen protagonista» izan behar duela eta «ez ikusle hutsa».

Aurreratu dutenez, hurrengo asteetan beste soinu-atal batzuk plazaratuko dituzte, besteak beste «desiratzen dugun aldaketa global horiei laguntzeko» herritarrek euren gain hartu behar dituzten konpromiso indibidualen gainekoak.

Podcastak EAEko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen Ivoox kanalean daude eskuragarri.