GAUR8

«Zahartzea eta mendekotasunaren arreta Euskal Herrian» mintegia antolatu du Eusko Ikaskuntzak

Eusko Ikaskuntzak antolatutako mintegi batek zahartzea eta mendekotasunaren aurrean Euskal Herriko lurraldeetan eskaintzen den arreta aztertuko du. Lehenengo jardunaldia ostiral honetan ospatuko da, gaiaren inguruko txosten bat aurkeztuko da eta proposamenak jasoko dituzte.

Adineko pertsonak Gasteizko egoitza batean, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Adineko pertsonak Gasteizko egoitza batean, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

“Ongizate Ereduak Euskal Herrian” proiektua garatzen ari da Eusko Ikaskuntza eta horren barruan zahartzeari eta mendekotasunari euskal lurraldeetan ematen zaien arreta aztertuko duen mugaz gaindiko mintegi telematikoa antolatu du ostiral honetarako.

Mintegiak izango dituen bi saioetako lehenengoa izango da ostiral honetako jardunaldia eta “Zahartzea eta mendekotasunaren arreta Euskal Herriko lurraldeetan” txostenaren aurkezpenarekin abiatuko da.

Azaldu dutenez, proiektuak «gizarte ongizatearen eremuan azterketa konparatua» egitea bilatzen du, eta aldi berean, «elkarrekiko ikaskuntza eta lurraldeko gizarte berrikuntza sustatzeko gune bat eratzea».

Mintegiak aipatutako «txostena aurkeztu, gizarteratu eta proposamenak» biltzea du helburu, eta «era berean, maila tekniko eta politikoko administrazio publikoen, akademiaren eta lurralde ezberdinetako gizarte eragileen arteko topagunea izan nahi» duela zehaztu dute.

Zazpi herrialdetako herritarrei zuzenduta, gizarte zerbitzuetako profesionalentzat eta boluntarioentzat duen interesa azpimarratu dute, baita administrazio publikoetako arduradun tekniko eta politikoentzat edota esparru akademikoko lagunentzat ere.

Hitzaldiak gazteleraz eta frantsesez eskainiko dituzte eta irekiera ekitaldia Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzaren presidenteak eta Maite Peña Gizarte Politiketako Gipuzkoako foru diputatuak egingo dute.

Lurralde ezberdinetako ordezkariak

Arreta sistema ezberdinen inguruko analisiaz gain Gipuzkoako Foru Aldundiko, Nafarroako Gobernuko eta Pirinio Atlantikoko ordezkarien mahai-ingurua izango da. Horren ostean, ekarpenak jasotzeko talde dinamika jarriko da martxan, 3-4 lagunen taldeetan banatuta, parte hartzaileen hizkuntzaren arabera, euskaraz, frantsesez edo gazteleraz.

Hurrengo jardunaldia maiatzaren 21ean izango da. Lurralde bakoitzean izan diren zenbait esperientzia praktikoetan zentratuta, jasotako ekarpenen eta proposamenen sintesiaren aurkezpena aurreikusten du egitarauak.