GAUR8

EHUko ikasle talde bat saritua izan da «La ruta del bakalao»ko etorkizuneko diskoteka baten diseinuagatik

EHUko Arkitekturako ikasle talde batek egin duen etorkizuneko diskotekaren diseinuak nazioarteko lehiaketa baten bigarren saria jaso du. «La ruta del bakalao» fenomenoaren testuinguruan etorkizuneko diskoteka bat diseinatzea zen erronka.

 

EHUko Arkitekturako ikasle sarituak, irudian. (Nagore Iraola)
EHUko Arkitekturako ikasle sarituak, irudian. (Nagore Iraola)

EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle talde batek saria jaso du Aplomo webguneak antolatzen duen arkitekturako nazioarteko lehiaketan, «La ruta del bakalao» ezaguneko etorkizuneko diskotekaren diseinuarekin.

Proiektuak bigarren saria jaso du. Erronka zen, «La ruta del bakalao» kultura fenomenoaren esparruan, etorkizuneko diskoteka bat diseinatzea eta The Face diskoteka zegoen orubean kokatzea, sail guztia okupatuz.

Proposamenak “The Cure” izena du eta Martina Gardeazabal Beaskoa, Iñigo Jimeno Fraca, Ivan March Calvo eta Elenea Millan Medel ikasleek aurkeztu dute. Proiektuaren deskribapenaren arabera, giro ezberdinak sortzen dituen diseinua dela argitu dute, solairu ezberdinetan espazio irekiak eta itxiak uztartzen dituena eta igerileku bat ere aurreikusten duena.

«Guretzako aukera bikaina izan da lehiaketen munduan sartzeko», adierazi dute ikasleek, euren lanbidean adar garrantzitsua dela nabarmenduz.

Nazioarteko arkitektoen plataforma

Lehiaketaren atzean Aplomo arkitekturako ideien lehiaketen plataforma dago. EHUk azaldu du plataforma horretan mundu osoko arkitektoek «arazoen konponbideak eta gaurkotasuneko eta garrantzi sozial handiko erronka soziokulturalak, politikoak eta ingurumenekoak» aurkezten dituztela.

Epaimahaia Amerikako Estatu Batuetako, Txileko, Alemaniako, Indonesiako, Mexikoko eta Estatu espainoleko arkitektoek osatzen dute. EHUko ikasleen proposamenaz «kontzeptua eta diskurtso ona» goraipatu dituzte epaimahaikideek, eta «ikusgarria» adjektiboa ere erabili dute.