GAUR8

Aurten Bertso Udalekuak egongo dira; izen-ematea 12tik aurrera

Apur bat laburragoak izango dira eta talde txikiagoekin, baina aurtengo uda ez da Bertso Udalekurik gabe joango. Egonaldiak uztailean zehar ospatuko dira txanda ezberdinetan Sopelan, Orion, Uitzin eta Amaiurren. Izena emateko epea asteazken honetan bertan zabalduko dute.

Txanda ezberdinak antolatu dituzte 9 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzat. (Bertsozale Elkartea).
Txanda ezberdinak antolatu dituzte 9 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzat. (Bertsozale Elkartea).

Berrikuntza batzuk izango dira, halere, osasun egoera kontuan hartuta. Aurreratu dutenez, aurreko urteen aldean talde txikiagoak izango dira eta egonaldi motzagoak, «horregatik, zortzi txanda» prestatu dituztela zehaztu dute.

Izena emateko epearen lehen zati bat datorren azkenean (hilaren 12an) zabalduko dute, 10.00etan, eta maiatzaren 22ra arte izango da zabalik www.bertsozale.eus webgunean. Hala ere, zehaztu dute 21era arte Bertso-eskolako kide diren edota gurasoetako bat Bertso Eskolako bazkide duten haurrek eta gazteek lehentasuna izango dutela.

«Ondoren, baldintza horiek betetzen ez dituzten gainerako interesdunek bigarren epe bat izango dute izena emateko: maiatzaren 25etik 31ra, eta egun horietan ere 10:00etan abiatuko eta amaituko dira izen-emateak», azaldu dute prozeduraren gainean.

Bertso Udalekuetan parte hartu nahi dutenek egonaldi bakar aukeratu beharko dute. Osasun egoerak eskatzen dituen neurriak kontuan hartuta, covid-19aren aurreko prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu dute udalekuentzat.

Izen-emate epea itxi ostean, ekainaren 9an emango da txanden osaketaren berri. Sopelan, Ander Deuna Ikastolan izango da udalekuetako lehenengo egonaldia, eta uztailaren 2an abiatuko da, 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat.

Uztailaren azken asteetako txandak Amaiurko aterpetxean izango dira, 17 eta 18 urteko gazteei zuzenduta. Udalekuen txanda ezberdinen informazio guztia eskuragarri dago Bertsozale Elkartearen webgunean.