GAUR8

Eneko Agirre eta Mikel Artetxe ikertzaileen ibilbideak sarituak Estatu mailan

Eneko Agirre EHUko ikerlari eta Hitz Hizkuntzaren Teknologia Euskal Zentroko zuzendariaren ibilbideak beste aitorpen bat lortu du, orain  Estatu mailan, Informatikaren Elkarte Zientifikoaren eskutik, lengoaia naturalaren prozesamenduan egindako «aparteko ekarpenagatik». Mikel Artetxe, berriz, ikertzaile gazteen modalitatean izan da saritua.

Sarituak izan ziren Eneko Agirre eta Mikel Artetxe EHU ikertzaileak.(EHU)
Sarituak izan ziren Eneko Agirre eta Mikel Artetxe EHU ikertzaileak.(EHU)

Eneko Agirre EHUko Lengoaia eta Sistema Informatikoetako irakasle osoa eta Mikel Artetxe, EHUn tesia egin eta orain Facebook Al Research-eko ikertzailea dena, sarituak izan dira Estatu espainolean, Informatikaren Elkarte Zientifikoak (SCIE, gastelaniazko siglen arabera)-BBVA Fundazioa 2021 Ikerketa Sarietan.

Agirre Hitz Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroko zuzendaria da eta EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Estatu mailako sarien aitorpena Aritmel modalitatean eman diote. «Modalitate horrek irakaslearen ingeniaritza informatikoaren arloko ekarpen zientifiko bikainak» saritzen dituela nabarmendu dute Unibertsitateko iturriek.

Mikel Artetxe ikertzaile gazte informatikoen modalitatean izan da saritua, doktorego-lan berritzaile eta garrantzitsuengatik.

Agirreren ibilbideari emandako sariak «lengoaia naturalaren prozesamenduaren arloan egindako aparteko» ekarpena goraipatzen du, «bereziki sare semantikoen garapenean, testu-masa handien ustiapenean eta itzulpen automatikoari aplikatutako sare neuronaletan oinarritutako ikaskuntza ez gainberatuan».

Horren ondoan, sariak jasotzen du bere zientzia-argitalpenen kalitate aparta ez ezik (horietako batzuk erreferentetzat jotzen dira beren eremuan), nabarmentzekoa dela «bere ikerketaren emaitzen transferentzia handia, lidergo zientifikoa –ikerketa zentro ospetsu baten zuzendaria da– eta nazioarteko ibilbide oso aipagarria; bere prestakuntzan, kolaborazioetan eta ikerketaren inpaktuan agerikoa dena».

Jasotako sari berriaren inguruan, «ikerkuntza taldearen elkarlanetik» datorrela adierazi du Agirrek, eta gogoratu du Ixa taldeak 30 urte eman dituela hizkuntzaren prozesamenduan ikertzen eta transferentzia egiten, «orain Hitz ikerkuntza zentro bezala».

Puntako ikerkuntza egiteko «giroa»

Agirrek nabarmendu du «talde horretako giroak» sortu dituela unibertsitate publikoan «puntako ikerkuntza egiteko baldintzak» eta aipatu du sariak «bultzada» ematen duela «adimen artifizialean gure unibertsitatea eta lurraldea erreferentzia bihurtzeko, hizkuntzaren prozesamenduak sortu duen iraultzaren barruan».

Mikel Artetxeren lana ere aitortu dute sariek, Ikertzaile Gazteen modalitatean, «hizkuntzaren prozesamenduaren arloko enpresa garantzitsuenetan egindako egonaldien eta ospe handiko kongresuetan egindako ekarpenen bidez aintzatetsitako nazioartekotze handiagatik».

Aitorpen honen harira, EHUk gogoratu du bi galderek markatzen dutela Agirreren ikerketa ibilbidea: «Nola lortu makinek ulertzea, hitz egiten dugun hizkuntza dena delakoa» eta «non aurkitu behar duten ikasteko behar duten ezagutza».

«Duela gutxi, berak zuzentzen duen taldeak frogatu du sare neuronal erraldoiak gai direla hizkuntza askotarako irudikapen lerrokatuak ikasteko, historian lehen aldiz, hizkuntza batetik bestera baliabide elebidunik gabe itzultzeko aukera emanez», azaldu dute.

Era berean, ezagutzaren hedakuntzan egindako lan mardula azpimarratu dute unibertsitatetik, enpresekin eta administrazioekin kontratuak, ingelesez eta batez ere euskaraz sortutako hizkuntza baliabideak eta hizkuntza ulertzeko sistemarik onenak ebaluatzeko tresnen diseinua gogora ekarriz.