GAUR8

Agifesen argazki lehiaketa, buru osasunaren arazoei begiratzeko modu berrien bila

Buru osasunaren inguruko begirada berriak bilatzen dituen argazki lehiaketaren hamargarren edizioa antolatu du Agifes Gipuzkoako elkarteak. Lanak aurkezteko epea zabalik dago uztailaren 18ra arte. Bitartean, zaindarien garrantzia goraipatzen duen kanpaina zabaldu du, bideo hunkigarri batekin.

Agifesek, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak, argazki lehiaketaren edizio berri bat jarri du martxan. Hamargarrena da hau eta «buru osasuneko arazoen inguruko irudimen soziala zabaltzea» du helburu, «kolektiboa estigmatizatzen duten estereotipoetatik ihes eginez».

Deialdiak, beraz, buru osasunarekin lotura izan behar duten irudiak eskatzen ditu, baina «begiratzeko modu berriak» dira bereziki bilatzen dituenak. Horregatik, «mitoak deuseztatzen laguntzen duten lanak baloratuko» dituztela zehaztu dute, irudien sormena, originaltasuna eta kalitate teknikoaren ondoan.

Helduen eta gurasoen edo tutoreen baimena duten adin txikikoen parte hartzera zabalik, lanak uztailaren 18ra arte aurkez daitezke info@agifes.org helbide elektronikoan, egilearen izen-abizenak, NAN zenbakia, posta elektronikoa eta telefonoa zehaztuz.

Agifesen webgunean daude lehiaketan parte hartzeko arauak eta aurreikusitako sariak: 400 euro lehenengoarentzat, 200 euro bigarren sarituarentzat eta 100 euro hirugarrenarentzat. Saritutako egileak eta lanak webgunean argitaratuko dituzte.

Argazki lehiaketarekin batera “Kazetaritza eta Buru Osasuna” Sariak antolatu ditu Agifesek, Gipuzkoan hedapena duten komunikabideen lana saritzeko.

Zaindariak omentzen dituen kanpaina

Abian jarritako ekimenen ondoan, Gipuzkoako elkarteak buru osasunean senideek duten paperaren balioa nabarmendu du berriki zabaldu duen “Buru Osasunaren Zaindaiak” izeneko kanpainan.

Hiru senitartekoren esperientziak biltzen dituen bideo labur bat da mezuaren euskarri nagusietako bat, erraza ez den zaintzailearen rola goraipatzeko.

Azaldu dutenez, egungo bizi erritmoak zeregin hori zailtzen du. «Horrek estres, tentsio eta antsietate egoerak eragiten ditu, batez ere emakumeen kasuan, zainketa ardura beraiei egokitzen zaielako neurri handiagoan», azaldu dute.

«Esker ona adierazi nahi diegu buru osasunaren zaindari horiei guztiei, eta batik bat, egunerokotasunean buru osasuneko arazoak dituzten ondoan daudenei, euren senide edo lagunaren bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten ahaleginagatik», adierazi du elkarteak.