GAUR8

Itsasoko emakume langileak omentzeko ekitaldiak Hondarribian eta Bermeon, «Sail The Way»-ren bisitan

Itsasoari lotutako emakumeen lanbideak ekitaldi eta ikuskizun ezberdinen protagonistak izango dira aste honetan Hondarribian, eta larunbatean  Bermeon, Done Jakue bidea belaontzian egiten ari den «Sail The Way» ekimen espainarraren bisitarekin bat eginez.

Saregileak lanean Bermeon, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Saregileak lanean Bermeon, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Donejakue bidea egiten ari den «Sail The Way» ekimena euskal kostaldetik igaroko da egunotan eta geldialdiak egingo ditu Hondarribian eta Bermeon.

Belaontzian burutzen ari den zeharkaldiaren seigarren edizioa da hau, 11 etapa izango ditu eta “Emakumea eta itsasoa” du gai nagusia, «emakumeak itsas sektorearen garapenean egin duten ekarpena» eta lanbideen aniztasuna ikusarazteko asmoz.

Zeharkaldiaren bisita horiek ospatzeko, Itsasoko Emakume Langileen Federazioak bultzatutako ekitaldiak izango dira Hondarribian eta Bermeon. Horien bidez «mendeetako tradizioa duten eta desagertzeko arriskuan dauden lanbide baliotsu horien aldarrikapen artistikoa» egin nahi du federazioak.

«Sareak» eta «Neskatilak»

Ostegun honetan bertan, 19.00etatik aurrera Organik Dantza Taldeak itsasoko emakumeak omenduko ditu eskainiko duen “Sareak” dantza ikuskizunarekin. Ekitaldia Hondarribiko Itsas Etxeko auditoriumean izango da.

Bigarren hitzordua larunbatean izango da, Bermeon. Goizean neskatilen bisita ospatuko da, eta arratsaldean “Sardina Freskue” dantza ikuskizuna eskainiko dute udal pilotalekuan.

«Sail The Way»-ren edizio honetan Angela Pumariega txapeldun olinpikoa da kapitaina, eta tripulazioa arlo ezberdinetako emakume profesionalez osatuta dago. Zeharkaldiak beste helburu bat ere badu, ekimenaren bitartez penintsulako kostalde kantabrikoa eta atlantikoak nabigaziorako duen erakargarritasuna erakustea bilatzen baitu.