GAUR8

Udako Eskola Ekosoziala Elizondon, mundu ikuskera eta estrategia jasangarriago bat pentsatzeko espazioa

Hurrengo uztailaren 10ean eta 11n Udako Eskola Ekosoziala izango da Elizondon. Aire zabalean egingo diren bi egunetako jardunaldiak dira, eta egungo krisi multisistemikoaren atzean dauden logikei erreparatu eta «justizia sozialean oinarritutako mundu ikuskera eta estrategia jasangarriagoen» gainean hausnartzea dute helburu. Parte hartzeko, aurretik izena eman behar da webgunean.

Uztailean ospatuko den Udako Eskola Ekosozialaren aurkezpena, irudian. (Baztango Eskola Ekosoziala)
Uztailean ospatuko den Udako Eskola Ekosozialaren aurkezpena, irudian. (Baztango Eskola Ekosoziala)

Uztailaren bigarren asteburuko Udako Eskola Ekosoziala ez da adituentzako hitzordua, baina gai horretako aditu nagusietako batzuen parte hartzea izango du, gogoetarako eta eztabaidarako espazio zabal bat sortzeko.

Baztango Eskola Ekosoziala taldeak antolatuta, ekimenak bertako Udalaren, Garua kooperatibaren eta Iratzar fundazioaren laguntza du, eta elkarri lotuta dauden egungo krisien inguruko hausnarketa bultzatu nahi du.

Gaiaren harira, antolatzaileek azaldu dute krisi multisistemiko baten aurrean dagoela egungo gizartea. «Ez dakigu euskal jendartea kontziente den, baina Lur planetan bizitza posible egiten duten baldintzen hondatzeak gizakiak munduan bizitza duina izateko aukera eta bere biziraupena bera ere kolokan jartzen du», adierazi dute. Nabarmendu dute gero eta ahots gehiagok diotela giza historiako une erabakigarrienean gaudela, baina ahots horiek ez direla Euskal Herrian erdigunean daudenak.

«Helburuetako bat da egoera honetara ekarri gaituen jendarte industrialaren logika ekonomiko, sozial eta kulturalaren analisia egitea», aurreratu dute eztabaidak izango dituen ardatzei dagokienez. Udako eskola hau etorkizuneko aterabideetako tresnak eskainiko dituen espazio bat izatea nahi dute, eta Euskal Herrian dauden hainbat ekimenen gaineko gogoeta eta eztabaida proposatuko dituzte.

«Krisi multisistemikoa»

Uztailaren 10ean, 10:00etatik 13:00etara, Abel Esteban Garuako kideak “Krisi multisistemikoa: ekologikoa, soziala eta ekonomikoa” tailerra gidatuko du. Larunbateko arratsalde horretan bertan, 16:00etatik 19:00etara, Charo Moran Garuako kideak “Lurraren kultura berria” aurkeztuko du, «ezinbertzekoa dugun kultura berria eraikitzeko gakoak emanez».

Uztailaren 11ko egitarauari dagokionez, Luis Gonzalez Reyes Garuako kidearen “Etorkizuneko agertokiak eta estrategiak” tailerrak beteko du goiza. Zehaztu dutenez, aipatutako lehen hiru tailer hauek gazteleraz izanen dira.

Igande arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da. “Alternatibak Euskal Herrian” deitu diote euskaraz izango den topaketa horri, eta bertan “EH PostCovid19” manifestuko, Bizi Mugimenduko, Iratzar fundazioko, Lurzaindiako eta Koop57-ko kideek hartuko dute hitza.

Eztabaida parte hartzeko modukoa izango da, eta jorratuko diren gaien artean, azpimarratu dute «ezohikoena izan daitekeen lan orduen murrizketaren ingurukoa» izango dela. Gaiaz hitz egiteko, Iratzar Fundazioko Joseba Permach eta Idoia Zengotitabengoa, Lurzaindiako Isabel Capdeville eta Koop57-ko Jone Etxebarria izango dira Elizondon.

Ikastaroan parte hartzeko 40 euroko kuota ordaindu behar da. Plaza mugatuak direnez, beharrezkoa da aurrez www.eskolaekosoziala.eus webgunean izena ematea.