GAUR8

Harrobia Ikastolako ikasleek Birziklaon kanpainaren bideojokoa eta Instagrameko challenge-a sortu dituzte

Gazteei bereziki zuzenduta, kontsumoa murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea proposatzen duen kanpaina jarri dute martxan Bilbon. Horren barruan aurki daitezke Instagrameko challengea eta bideojokoa, Harrobia Ikastolako Lanbide Heziketako ikasleek sortu dituzte.

BIRZIKLAON kanpainaren kartela, irudian. (Harrobia Ikastola)
BIRZIKLAON kanpainaren kartela, irudian. (Harrobia Ikastola)

Harrobia Lanbide Heziketa ikastetxeko ikasleek kontsumoa murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea mezu nagusiak dituen kanpainaren diseinuan hartu dute parte, gazteengana heltzeko bide berriak planteatuz.

Ekimena gauzatzeko, «publizitate agentzia baten izaera hartu dute» ikasleek, eta sektore gazteengan eragiteko, Instagrameko challenge-a eta gamifikazio kanpaina diseinatu dituzte.

Marketin eta 3Dko zikloetako ikasleak izan dira sentsibilizazio kanpaina diseinatu dutenak, Bilboko Udalarekin batera.

Era horretara Bilboko Udala ‘bezero’ gisa hartuta eta harekin bilera ezberdinak izan ostean, Harrobia Ikastolako gazteek #24orduplastikorikgabe Instagrameko challenge-a jarri dute martxan, eta Play Storen eskuragarri dagoen Birziklaon bideojokoaren beta bertsioa sortu dute.

Kanpaina BBK Open Science jaialdian aurkeztuko da hezkuntza berrikuntza sailean. Ikastetxetik nabarmendu dutenez, «hezkuntza berrikuntzaren aldeko apustua» egiten ari da Ikastola, enpresekin batera bide berriak bilatuz, «prozesu didaktiko kolaboratiboen bidez».

Era horretara, erronka eta proiektu errealetan oinarritutako lanbide heziketa landu nahi da, gazteak enpresara gerturatzeko asmoarekin. Gogoratu dutenez, ETHAZI (Etekin Handiko Zikloak) izeneko eredu horren barruan sortutako ekimenen artean, Playstationerako Nuclear Cops bideojokoa dago edota adinekoentzako Zaharkitze Aktiboa programa, besteak beste.